Botxo Boogies taldeak jazz eran moldatutako Juan Crisóstomo de Arriagaren musikea joko dau Bilbon
2007-01-03 01:00 MusikeaBilboko swing-boogie bandeak jazz erara zein vals, bolero, samba edo funk erara moldatutako Arriagaren piezak dituan errepertorioa eskainiko dau, musikari bilbotarraren omenezko erakusketa-aretoan bertan.
Juan Crisóstomo de Arriagaren jaiotzearen berrehungarren mendeurreneko oroitzapena azkenera heltzen da urtarrilaren lehen egun honeetan programau dan kontzertuagaz, izan be, Zabalguneko antxinako azokan Botxo Boogies taldeak joko dau bihar, urtarrilak 4, arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera eta doban; Bilboko swing-boogie bandeak jazz erara zein vals, bolero, samba edo funk erara moldatutako Arriagaren piezak dituan errepertorioa eskainiko dau, musikari bilbotarraren omenezko erakusketa-aretoan bertan.
Botxo Boogies Bilbon sortu zan 2001ean eta Edu Basterrak, baxua eta ahotsa, Carlos Velascok, gitarra eta koruak, Joe González, saxo, klarinete eta koruak, eta Iñaki Jaiok, bateria-jolea, osotzen dabe.
Bien bitartean, Bilboko Zabalguneko antxinako azokan jarraitzen dau Juan Crisóstomo de Arriagaren bizitzeari eta obreari buruzko erakusketeak, gelditzen diran artistearen objektu personal urriak batzen dituana. Musikari bilbotarraren inguruko erakusketea harrera oso ona jasoten ari da eta datorren asteko domekara arte, urtarrilaren 14ra arte egongo da zabalik.
Erakusketa gunea bi espaziotan banatzen da: lehenengoa erakusketea bera da, eta bigarren espazioa bisita-gidatuak hartzeko berenberegi diseinatua dago, bai ikasle taldeentzat baita familientzat be. Elementurik baliotsuena duda barik konpositoreagaz zuzenean erlazionautako bi elementu dira: bibolina, erakusketearen erdigunean dagoana, eta marfilezko medailoia, artistearen erretrato original bakarra dana. Bi objektu horreekaz batera beste erretratu, eskultura, argazki eta Arriaga familiaren oroigarriak erakusten dira.
Erakusketea, musikariaren partitura originalak erreproduziduten dituen facsimilakaz biribiltzen da, liburu eta beste elementu batzukaz batera.
Beste alde batetik, bisitarien esku dago gune interaktiboa ukipen-pantaila bategaz eta hor Arriagaren obrarik ezagunenen zati desbardinak entzun daitekez eta gainera jolas informatiko bat dago ibilaldiaren amaieran; erakusketeari buruzko 50 galdera ditu eta ondo erantzun ezkero, ordenagailuaren pantailan puzzle bat osotuko da.
Erakusketea bisitetea Gabonetarako aukera parebakoa da. Egunotan familientzako bisita gidatuak programau dira (ikasle taldeentzako bisita gidatuak be egongo dira) eta, era horretara, nagusiek eta txikiek Juan Crisóstomo de Arriaga nor izan zan eta zelan bizi izan zan hobeto ezagutuko dabe. Horretarako, antxinako soinekoakaz jantzitako aktore batek odo etorria emongo deutse eta Juan Crisóstomo de Arriagaren inguruko informazinoa eta bizi izan eban garaikoa eskainiko deutse. Material didaktikoa be jasoko dau bisitariak, musikariaren bizitzeari buruzko komikiagaz batera (nazinoartean ezaguna dan Daniel Redondoren lana).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!