Bergarako besarkada barri baten atarian?

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria 2007-01-02 01:00

Aspaldi honetan, giro politikoan nagusi dogu Bake Prozesua deritxana berbagai. Bateren batek ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko alkarrizketea eta ondoren lortu leiteken hitzarmena sasoi bateko ‘Bergarako Besarkada’ barri bat izan daitekeela esan dau.

Aspaldi honetan, giro politikoan nagusi dogu Bake Prozesua deritxana berbagai. Bateren batek ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko alkarrizketea eta ondoren lortu leiteken hitzarmena sasoi bateko ‘Bergarako Besarkada’ barri bat izan daitekeela esan dau.

Oraingo artikuluan, ‘Bergarako Besarkadea’ deitutako hitzarmen edo akordioa aztertuko dogu.

‘Bergarako Besarkadea’ edo, hobeto esanda, Hitzarmena 1839ko abuztuaren 30ean Baldomero Espartero kristindarren general nagusiak eta Rafael Maroto karlostarren jeneralak adostutako hitzarmena izan zan. Sinadureagaz, Lehenengo Karlistada izenez ezagutu ziran 1833tik 1839ra arteko burrukei amaierea emoten jaken. Burruka horretan, karlostarrek (Karlos jarri gura eben errege eta horregaitik hartu eben izen hori) eta kristindarrek (Kristina erreginaren aldekoak) egin eben burrukan. Lehenengoak, labur esanda baino ez bada be, foru zaleak ziran, lege horreetan ikusten ebelako lehengo egoera sozioekonomikoari eusteko bidea. Bigarrenak, barriz, foruak alde batera itxi eta garapen ekonomikoak ekarzan onuren aldekoak ziran. Horregaitik be, uri handietan nagusitu ziran, merkataritzea nagusi zan eremuetan. Karlostarrak, barriz, baserri eremuan izan ziran nagusi.

Akordioa lortzeko alkarrizketak zortzi bat hilabete lehenago hasi ziran eta bitartekaritza beharrak Lord Hay ingelesak egin ebazan. Karlostarren nagusia zan Marotok lehenengo batean gogor eutsi eutsen bere idei, hau da, Erregea, Foruak eta Jaungoikoa. Baina hilabeteek aurrera joan ahala eta ikusita kristindar edo liberalak gero eta aurrerago joiazala, Marotok be bere eskaeretan atzera egin behar izan eban. Erlijino kontuak alde batera itxita, eta kontuan hartuta erregea ez zala lehentasunik nagusiena (Elgetan 1839ko abuztuaren 25an argi geratu zan moduan), karlostarren aldarrikapen nagusia foruena zan. Eta hor ez Marotok, ezta karlostarrek be ez eben atzera egiterik ikusten.

Aurrerapausurik ez egoala eta, abuztuaren 26an Esparterok azken ahalegina egin eta akordiorako testu barri bat aurkeztu eban. Bertan esaten zanez, foruak errespetetan ziran, baina, beti be, espainiarren nazino eta lege nagusiekaz bateragaiak baziran.

Marotok proposamena begi txarrez ikusten ez baeban be, kontua da Iturbe eta Urbistondo jeneralek, gipuzkoa eta gaztelako ejerzito karlostarren agintariek ez ebela Esparteroren proposamena onartu eta barriro be hurrengo egunean gerreari ekin eutsen karlostarrek eta liberalek. Baina karlostarren artean, Torre Bizkaiko jeneral nagusiak atzera egin eban eta burrukatik kanpo geratu zan.

Egoerea era horretan iminita, liberalek Oñati menperatu eben erraz eta Marotok barriro be alkarrizketea eskatu behar izan eban. Oñatin bertan izan ziran barriro be alkarrizketak abuztuaren 29an. Idatziz jarrita adostutakoak karlostarrekaz burrukatu eben militarren egoerea konpontzen eban. Liberalen ejerzitoan sartzeko aukerea emon eutsen edo, bestela, euren etxeetara bueltetako proposamena. Hitzarmenaren atalik garrantzitsuenean foruak onartzen ziran, beti be ‘Erregetzearen batasun kontituzionalaren kontra ez bajoiazan’. Baldomero Espartero jeneralak ezarritako esaldi ospetsua da hori.

Lehenengo egunean, Bizkaiko batailoi guztiak, gaztelako bost eta Gipuzkoako 3 entregau ziran. Beste batailoi batzuk alde egin eben Iparralderantz. Beste karlostar batzuk, barriz, Ameriketara eta Filipinetara hanka egin behar izan eben. Holan amaitu zan Lehenengo Gerra Karlista izenez ezagututakoa. Baina gerreagaz eta karlostarren ‘arazoagaz’ amaitzeko helburuagaz sortutako akordioa azkenean Esparterok berak bete barik itxi eban, handik hilabete batzuetara foruak bertan behera geratu ziranean. Hortik etorriko ziran, beharbada, beste hainbat gerra eta arazo.

Hau ikusita, ‘Bergarako Hizarmena’ edo ‘Besarkadea’, Espartero eta Marotok besarkada bategaz erakutsitako akordioa, bete bako aginduen eredu modura geratu da euskal historian. Gure herriko historiak ez leuke onartuko ‘Bergarako Besarkada’ barri bat eta bardin da zeintzuk besarkatzen diran.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu