Bilboko suhiltzaileek Australiarako bidaia pagetea lortu dabe egutegiaren 40.000 ale saldu ondoren

Bizkaie! 2006-12-29 01:00

Bilboko Suhiltzaileen amesa bete da eta Australiako Olinpiadetan parte hartzera joateko bidaia pagetea lortu dabe argazki-egutegiak erosi dabezan guztiei esker.

Bilboko Suhiltzaileen amesa bete da eta Australiako Olinpiadetan parte hartzera joateko bidaia pagetea lortu dabe argazki-egutegiak erosi dabezan guztiei esker.

Danetara, 40.000 ale bi hilebetetan saldu ondoren, ekimenak komunikabideetan izan dauen oihartzunak eta herritarren erantzunak danak harrituta itxi ditu, baita antolatzaileak eurak be. Bilboko suhiltzaileek herritar guztiei eskerrak emon gura izan deutsiez egutegiak saltzeko kanpaina osoan emon daben laguntza eta interesagaitik.

Egutegia, Lucho Rengifo argazkilariak bagilean eta garagarrilean egindako argazki-saio batzuk abiapuntu hartuta egin zan. Ondoren, salmenta gune desbardinetan jarri zan salgai. Horreei guztiei, Suhiltzaileen Zerbitzuak eskerrak emon gura izan deutsiez, euren laguntzarik barik, ekimen hau aurrera eroatea ezinezkoa izango zan eta.

Australiara 23 kirolari joango dira, Polizien eta Suhiltzaileen Olinpiadetan parte hartzeko, Adelaida urian, martiaren 15 eta 25 bitartean, eta egutegien salmenteagaz lortutako dirua bidaia, egonaldia eta kirol-materiala pagetako erabiliko dabe. Edozelan be, batutako diruaren zati bat, 3.000 euro, ETBk minbiziaren kontra antolatutako Telemaratoiari emon deutsie eta ganerako dirua oraindino erabakiteko dagoen hainbat GKEri emongo deutsie.

2007ko Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoak Australiako Adelaida urian izango zirala ofizialki iragarri ondoren, Bilboko Udal Suhiltzaileak bidaia pagetako beharrezko dirua batzeko ideia gauzatzen hasi ziran: Suhiltzaileen Zerbitzuaren beraren argazki-egutegi bat egitea. Era horretara, bagilean suhiltzaileen ordezkaritza batek hainbat argazki-saiotan parte hartu eban. Bertan, egutegian agertzen diran irudiak egin ziran, hau da, euren eguneroko bizitzearen erretratu artistiko batzuk.

Hasieran, 10.000 ale urrian saldu ondoren, salmentak eten barik igoten hasi ziran hasierako aurreikuspenak gaindituz. Bi hilebetetan, 40.000 ale saldu ziran.

Australia Bilboko suhiltzaileek parte hartzen daben hirugarren olinpiadak izango dira. Lehenengoa 2003ko Bartzelonako Polizien eta Suhiltzaileen Olinpiadak izan ziran. Bilboko suhiltzaileek Bartzelonan egindako lana hobetu egin eben igaz Quebecen antolatutakoetan; bertan, 17 domina irabazi ebezan.Gitxienez marka hori bardintzeko helburuagaz, Bilboko suhiltzaileek gogor egin dabe lan sasoian egoteko Australiako Olinpiadetan.

Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoak bi urtez behin antolatzen dira munduko uri desbardinetan. Beraz, nahitaezko kirol hitzordua da munduko polizien eta suhiltzaileentzat. Horrezaz gan, aukera hori aprobetxetan dabe hartu-emonak hobetzeko eta esperientziak konpartiduteko olinpiadetako zortzi egunetan antolatzen diran sinposio, erakusketa eta izaera profesionaleko bestelako jardueren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu