Jose Maria Etxaburu ‘Kamiñazpi’ euskaltzain urgazlea hil da
2006-12-29 01:00Jose Maria Etxaburu Etxaburu, ‘Kamiñazpi’ euskal idazle eta euskaltzain urgazlea atzo (2006-12-28) hil zan, 93 urte ebazala. Jose Mari Etxaburu Ondarroan jaio zan, 1913ko irailaren 23an.
Jose Maria Etxaburu Etxaburu, ‘Kamiñazpi’ euskal idazle eta euskaltzain urgazlea atzo (2006-12-28) hil zan, 93 urte ebazala. Jose Mari Etxaburu Ondarroan jaio zan, 1913ko irailaren 23an.
Eskolan urte gitxi egin ebazan eta hamabi urtegaz lanean hasi zan, Ondarroako arrain lantegi batean. Hamabost urtegaz, barriz, musika bandan sartu zan eta solfeoa eta saxofoi altua ikasi ebazan.
Osasun arazoak zirala eta, ‘Kamiñazpi’ ez zan gerrara joan eta Donibane Lohizunera egin eban alde. Han urtebete egin ostean, Landetara joan zan eta beste urte bat igaro ostean, Donibane Lohizunera itzuli zan, harik eta Bigarren Mundu Gerrea hasi arte. Azkenean, Ondarroarako bidean zala, preso hartu eta hainbat kartzelatan izan zan. Libre geratu zanean, Ondarroako bere etxera joan zan. Ezkondu ostean, Hondarribira joan zan bizitera eta han emon dau bizitza guztia.
Hogei urtegaz, herriko barriak idazten hasi zan Ekin aldizkarian. Gero, handik aurrera, Euzkadi egunkarian idatzi eban, ‘Iturri ondo’ eta ‘Iturrondo’ ezizenak erabiliz. Gerrea amaitu ondoren, 1957an, Zeruko Argia aldizkarian hasi zan. Orduan aukeratu eban ‘Kamiñazpi’ ezizena. Goiz Argi, Karmel, Anaitasuna, Jakin eta El Bidasoa aldizkarietan be argitaratu ebazan lanak.
Pan-Pinumeentzako aldizkarian, berak preparetan eban bizkaierazko orria. Ondarrabiako kondaira idatzi eban, bai eta bertso barriak be, eta Auspoan argitara emon.
Sari ugari jaso eban, besteak beste, Irungo lehen literatur lehiaketako sari nagusia, Errijaiak eta San Martzialgo Alardea lanagaitik, edota Gernikaren 600. urteurrena zala eta, herri horretan antolatu eben lehiaketako bigarren saria, Maitasunaren arantzak lanagaz.
Bizitza guztian euskerearen alde lan egin eban. Euskerea bera galarazota egoan sasoian, gramatika ikasketa batzuk preparau ebazan eta Ondarroan egoan maisu galiziar baten laguntzaz, euskerea irakasteko tokia lortu eban. Eibarko ikastolearen sorreran be parte hartu eban.
1966ko zemendiaren 25ean, euskaltzain urgazle izentau eban Euskaltzaindiak. 2001eko zemendiaren 30ean, Hondarribiko Udalak omendu eban. Euskerazaleak elkarteko kide zan.
Honako liburuak argitaratu ebazan:
- Ondarrabiako kondaira. 1966, Itxaropena.
- Txolintxu. 1972, Edili.
- Neure lau urteko ibilerak. 1988, Etor.
- Neure idazlan bilduma. 1991, Itxaropena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!