‘Llamame Telesforo’, memoria historikoa berreskuratzeko Iñaki Anasagastiren ahalegina
2006-11-10 01:00Lehengo eta gaurko gudarien arteko zubi lana egin eban gizonaren ganeko jakingarriak dakarz Iñaki Anasagastik idatzi eta Txalaparta argitaletxeak argitaratutako liburuak.
Lehengo eta gaurko gudarien arteko zubi lana egin eban gizonaren ganeko jakingarriak dakarz Iñaki Anasagastik idatzi eta Txalaparta argitaletxeak argitaratutako liburuak.
Liburuak zati bi daukaz. Lehenengoan, 1973an Iñaki Anasagastik Telesforo Monzoni egindako alkarrizketa luzea dago. Gerra Zibila, errepublika sasoia, gerra osteko giroa eta, batez be, Telesforo Monzonen ibilbide politikoaren nondik norakoak agiri dira. Alkarrizketearen osogarri, barriz, agiri bi gehitu ditu egileak: lehenengoa 1945ean Agirre lehendakariak Monzoni bialdutako kartea, zeozelan nazinoarteko giro politikoaren analisi zehatza. Bigarren agiriak 1935ean Madrileko Gorteetan euskal gitxiengoak Calvo Sotelogaz izandako eztabaida sutsua dakar hitzez hitz.
Dana dala, euskal nazinotasunaren aldarrikapenak arinagokoak dira, izan be, 1918an, lehenengoz nazionalistak Gorteetan egindako agerraldian, gogoangarriak izan ziran Victor Pradera espainolistearen eta Manuel Aranzadi euskal nazionalistearen arteko berbaldia edota geroagoko Victor Pradera eta Jose Izagirre nazionalistearen artekoa.
Azken buruan, oraintsuko historia ezagutzeko liburua da Iñaki Anasagastirena, besteak beste, orain arte Telesforo Monzoni egindako argitaratu bako alkarrizketea dakarrelako eta horregaz batera, argazki zahar eta kasu askotan argitaratu bakoakaz horniduta dagoalako.
Iñaki M. Anasagasti Olabeaga (1947, Cumanan-Venezuelan) Gizarte Komunikazinoan lizentziatua Caracaseko Andres Bello Unibersidade Katolikoan, Venezuelako Euzko Gaztediko buru izan zan, baita Radio Euskadiko arduraduna be, frankismoan Venezuelatik era klandestinoan lan egiten ebanean. Gudari-ren editore, 1975. urtean Bilbon EAJren Euzkadi aldizkaria zuzendu eban eta BBBren kide izan zan, baita Juan Ajuriaguerra eta Carlos Garaikoetxearen gidaritzapean egoan EBBren kide be. EAJren Nazinoarteko Harremanen eta hauteskunde kanpainen arduradun, EAEko Parlamenturako aukeratua izan zan 1980an. Kongresurako diputadu aukeratu eben 1986an, baita Madrilgo Kongresuko Euskal Taldearen ordezkari be. Lan hau bete eban 2004ko hauteskundeak izan arte; orduan Bizkaian senatari aukeratu eben eta Senatuaren lehen idazkari. Josu Erkoreka diputadu jeltzaleagaz idatzi dituan azken bi liburuak ondokoak dira: ‘Dos familias vascas, Areilza y Aznar’ eta ‘Somos Vascos’.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!