Getxo trikiti doinuz jantziko da

Bizkaie! 2006-11-08 01:00   Musikea
V. Nazinoarteko Trikitixa Jaialdia ospatuko da zemendiaren 10ean

Portugaletik, Errumaniatik, Alemaniatik eta bertotik etorritako taldeek euren ikuskizunak eskainiko dabez soinu-txikiari omenalditxua egiteko. Tartean, arpegi ezagunak be izango dira, ‘Alaitz eta Maider’ bikoteko Alaitz Telletxea berbarako. Argazkiko Eneritz Gorritxategi eta Edurtzeta Ania bikotea be izango da jaialdian.

Getxoko Getxo Antzokia trikitixaz, panderoz eta ahotsez jantziko da barikuan, zemendiak 10, iluntzeko zortzietatik aurrera. Portugaletik, Errumaniatik, Alemaniatik eta bertotik etorritako taldeek euren ikuskizunak eskainiko dabez soinu-txikiari omenalditxua egiteko. Tartean, arpegi ezagunak be izango dira, ‘Alaitz eta Maider’ bikoteko Alaitz Telletxea berbarako. Zapatuan, zemendiak 11, Donostiako Kursaal aretoan izango dira musikariak.

Honeek dira taula ganean egongo diran taldeen ganeko laburpentxuak.


Chaozinha ahiztak, Portugal

Chaozinha de Gondarem-ek ez dau musika herrikoia ohiko moduan emoten. Beti kantau izan daben modu berean egiten dabe lau ahiztek, sasoi batean Galiziagaz mugan dagoan Minho ibaiaren alboko Gondarém-eko bailara emonkorreko uztea batzeko lanetan ebizan bitartean kantetan zan moduan. Taldeak errepertorio tradizionala lantzen dau.

Soinu eta concertina joleak Joao Barrigas eta Lopes d´Areosa dira. Trancanhetea Joaquimek joten dau, ahiztetariko baten senarrak.


Julian Cobzarue ta Ion Cobzaru, Errumania

Julian eta Ion Cobzaru lehengusuak dira, Bukaresten jaioak. Julianek zazpi urtegaz hartu eban lehenengoz esku-soinua eta 16 urtegaz 8 orduz joten eban egunero. Tekladua, gitarrea, bateria eta beste hainbat musika-tresna be joten ditu, beti be modu autodidaktean ikasita.

Ion Cobzaruk be soinua joten dau baina Getxoko saioan kantau egingo dau.


Cathrin Alisch eta Alaitz Telletxea, Alemania eta Euskal Herria

Cathrin Alisch konposatzailea, bibolin-jolea eta kantaria da. Musikologia, semiotika eta mitologia ikasketak egin ditu eta jantzeagaz zein antzerkiagaz lotura zuzena dauka. Estadu Batuetan eta Europan egin ditu ikasketak.

Alaitz Telletxea hamalau urtegaz hasi zan Maider Zabalegi pandero-joleagaz plazarik plaza eta txapelketarik txapelketa. Tradizinoari jarraitu eutsen baina kanpotik etozan eragin barriei lepoa emon barik.

Cathrin Alischek eta Alaitz Telletxeak behin baino gehiagotan jo dabe alkarregaz, Berlinen azkenekoz.


Eneritz Gorritxategi eta Edurtzeta Ania

Kopla zaharrak herri literaturako generorik garrantzitsuenetarikoak izan dira Bizkaiko tradizinoan. Zorionez, orain, tradizino hori Euskal Herri osora zabaldu dala esan daiteke. Erromeriarako eta jantzarako aproposak, erritmoa eta alaitasuna dira kopla zaharren ezaugarri nagusia. Ezaugarri hori ondo baino hobeto aprobetxau dabe Gorritxategi eta Ania bikoteak eta horren lekukotzea emongo dabe aurtengo jaialdian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu