Urolako Kultur Zirkuitua / 2006ko urria-zemendia

Bizkaie! 2006-10-17 02:00

Urolan estreinauko dan kultur eskaintzea eskualde ikuspegitik lantzeko ideia honek, jarraipena izango dau zemendian bertan, Iruñerrian eta Durangaldean inguru horreetako euskera alkarteek antolatuta.

Kultur zirkuitu hau Euskara alkarteen eta horretako 87 batzen dituan Topagunearen ekimena da. Azkoitiko Maxixatzen, Zestoako Danbolin eta Zumaiako Baleike eta Txinparta alkarteak euskerearen erabilerea sustatzeko asmoz ari dira lanean bakotza bere herrian. Horretarako zenbait proposamen lantzen dabez urtean zehar; tokiko komunikabideak, hitzarmenak, aisialdirako programak, eta jakina, kultur eskaintzea. Azken alor hori jorratzeko, alkarte bakotxaren ekimen propioez gan, Topaguneak, alkarte bazkideentzat kudeatzen dituan kultur zirkuituak dagoz; film laburrena eta arlo askotarikoa dan Kultur Errota, hain zuzen.

Kontuak kontu, Urolan estreinauko dan kultur eskaintzea eskualde ikuspegitik lantzeko ideia honek, jarraipena izango dau zemendian bertan, Iruñerrian eta Durangaldean inguru horreetako euskera alkarteek antolatuta.

Eskualde zirkuituak, kultur arlo baten inguruan antolatzea erabagi da, besteak beste, emoile desbardinek arloari ekiteko modu originalak ikusteko aukerea emongo dauelako eta baten ikusleek, gustau ezkero, aukera izango dabelako ganerakoak be disfrutetako.

Eskualde bereko euskera alkarteak batera jokatzea onuragarria izango dala uste dau Topaguneak, besteak beste:

  • Herritarren aurrean, euskera elkarte desbardinen helburu eta egiteko modu bateragarria erakusten dalako.
  • Koordinauta egiteak zabalkunderako aukera gehiago emoten dauelako.
  • Eskaintzea nabarmentzeko aukera gehiago dagoalako, nork bere kabuz eginda baino.
  • Ikus-entzuleen atentzinoa geureganatu eta emonaldietara jente gehiago erakarteko.

Esperientzia horreen balorazinoa ona izatekotan, Topagunea, 2007an eskualde gehiagotara zabaltzen saiatuko da.

Urolako kultur zirkuituaren helburuak kultur errotarenak eta oro har euskera alkarteen kultur eskaintza orokorrarenak dira:

  • Euskaldunei, euskeraz sorturiko kulturearen inguruan alkartzeko eta disfrutetako momentuak eskaintzea.
  • Euskeraz sorturiko kulturearen aberastasuna eta aniztasuna erakustea.
  • Euskal sortzaileei euren ikuskizunak erakusteko plazak emotea.
  • Sortzaile, ikus-entzule eta antolatzaileei euskereak ahalbidetutako une gozagarri, aberasgarri eta motibagarriak eskaintzea.

Kultur zirkuituaren ezaugarri nagusia ekitaldiak formatu txikian dirala litzateke baina kalidadeari eutsita. Ikuskizun guztiak kulturgune ertain eta txikietan eskaintzeko dagoz pentsauta edo egokituta herri gehienetan ez baitago antzoki handien azpiegiturarik; beraz, kultur etxe, areto txiki, gaztetxe eta tabernak bihurtzen dira erakusleiho.

Beste alde batetik, Kultur errota izatez arlo askotarikoa da, hau da, jasoten dituan proposamenen artean kultur adierazpide ugariren ikuskizunak dagoz; antzerkia, diaporamak, musikea, ipuin kontalariak, bertsolaritzea...

Urolako kultur zirkuituak eskainiko dituan lau emonaldiak, literaturan oinarritutakoak dira eta lauretan musikea eta kantua erabilten dabez zenbait testu aurkezteko. Argitaratutako lau liburu dagoz ikuskizunon oinarrian: ‘Hamar mezu eta dei bat’ Patxi Zubizarretarena; ‘Mugaldekoak’ Edu Zelaietarena; ‘Ezkatak’ Leire Bilbaorena eta ‘Txikira beti hordago’ Bertol Arrietarena.

Lehenengo emonaldia Azkoitian izango da urriaren 20an, 19:30etan Floreaga ikastetxeko aretoan; bigarrena, Zestoan astebete beranduago, 27an, 20:00etan Kultur etxean, eta hirugarrena zein laugarrena Zumaian, zemendiaren 3an eta 24an, gaueko 22:00etan Alondegian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu