Zaitegi, eskertu ezineko 100 urte
2006-07-26 02:00 KultureaGaragarrilaren 26an, eguaztenean, 100 urte bete dira euskal kulturearen beste erreferentzia bat jaio zala: Iokin Zaitegi. Barriro be, aurten Andima Ibinagabeitia, Telesforo Monzon edo Balendin Enbeitagaz pasau dan lez, gitxik baino ez dabe gogoratu Zaitegiren bizitza eta obrea, tamalez. Balantzak orekatzeko asmoagaz, baina, hemen gagoz gu, holako efemeride interesgarriak aldarrikatzeko prest.
Garagarrilaren 26an, eguaztenean, 100 urte bete dira euskal kulturearen beste erreferentzia bat jaio zala: Iokin Zaitegi. Barriro be, aurten Andima Ibinagabeitia, Telesforo Monzon edo Balendin Enbeitagaz pasau dan lez, gitxik baino ez dabe gogoratu Zaitegiren bizitza eta obrea, tamalez. Balantzak orekatzeko asmoagaz, baina, hemen gagoz gu, holako efemeride interesgarriak aldarrikatzeko prest.
Iokin Zaitegi Plazaola 1906ko garagarrilaren 26an jaio zan Arrasaten, eta bertan bizi izan zan 14 urte bete arte. Eleizearen bidea hartuta, Durangora joan zan jesuita izateko intentzinoagaz, eta, handik, Loiolara; hortxe izan zituen euskal kultureagazko lehenengo hartu-emon sendoak bai Andima elantxobetarrak eta bai Iokin arrasatearrak. Hartu-emon horren oinarrietako bat, antza, 1923an jazo zan, Iokinek eta Andimak katixima abertzale bat lortu ebenean. Testuinguru horretan, beste kide batzukaz batera, lagun biek Euskal Elerti Bazkuna sortu eben Loiolan, eta, bertan, jesuiten ohiko ikasketak egiteaz gainera, euskerearen gainean be eztabaidatzen eben.
Loiolatik Oñara joan zan Zaitegi, filosofia ikastera. Filosofiako doktoregoa lortu ostean, jesuitetako nagusiek Ameriketara bialdu zituen euskerearen aldeko jokeradun gazteak (edo ondorio hori atera eban Zaitegik handik urte batzuetara): ‘Andima Ibinagabeitia eta Plazido Mujika Kolonbiara, beste batzuk El Salvador eta Guatemalara, eta Iokin Zaitegi Venezuelako Meridara’, azaltzen dau Pako Sudupek, ‘Bidegileak’ sailean Zaitegiren gainean idatzitako lanean. Venezuelan irakasle ibili ostean, Belgikako Marneffera joan zan teologia ikastera, 1932an. Uri haretan emon eban bere lehenengo mezea, 1935ean. Baina gehiago interesetan jaku kulturearen alorrean emon zituan pausoak: sasoi haretan olerkiak idazten eta argitaratzen hasi zan, eta 1934an V. Olerti Eguneko saria irabazi eban, Zarautzen.
Euskal Herrian gerrea sutan egoala, Zaitegiri atzerritik atzerrira ibiltea tokau jakon: jesuiten buruek atzera eroan eben Ameriketara, El Salvadorrera oingoan. Tartean, urte erdi inguru egin eban Panaman, ingelesa ikasten eta Wadsworth Longfellowren Ebangeline nobelea itzultzen. El Salvadorrera joanda, Bidalien egiñak liburua idatzi eban eta zortzi urte emon zituan bertan irakasle. Baina Iokin ez zan geldi egotekoa, eta jakinda Jose Antonio Agirre New Yorken egoala, harengana joan gura izan eban. Baina nagusiek ez eutsien itxi. Zaitegik zer egingo eta jesuitakazko loturak apurtu, libre sentiduteko eta euskal kulturearen alde egiteko. Halanda ze, Guatemalara egin eban alde, irakasle ibilteko San Carlos unibersidadean eta Instituto América ikastetxean. 1951n, Landibar eskolea sortu eban, eta, handik ataratako diru apurrakaz Euzko-Gogoa aldizkaria sortu eban. Gatxa da neurtzea Zaitegiren ekintza horrek zelako onurak ekarriko eutsazan euskal kultureari. Gainera, Goldaketan eta Sopokelen antzerkiak, I lanak be argitaratu zituan sasoi haretan.
Euzko-Gogoa aldizkariak hiru idazle nagusi izan zituan: Orixe, Zaitegi eta Ibinagabeitia. Bi fasetan banandu zan aldizkari haren bizitza: Guatemalakoa (1950-1955) eta Miarritzekoa (1956-1960). Hirurogeta hamar bat idazle batzea lortu eban Zaitegik, baina gatxa zan aldizkaria ganoraz zabaltzea, Guatemalan argitaratzen zan eta. Halanda be, etsi beharrean, Miarritzera etorri zan biziten, eta handik hasi zan beharrean, baina zailtasunak ez ziran gitxitu. 1960an, aldizkaria zarratu egin behar izan eban.
1962an Guatemalara joan zan atzera, eta, han, Berriz ere goldaketan argitaratu eta banatu eban. Guatemalako egonaldi haretan abade ibili zan, baina, gainera, Platonen alkarrizketak euskeratu eta obra ugari horreek 1975etik aurrera argitaratu zituan.
1972an Euskal Herrira etorri zan, Arrasatera. Jaioterriak herriko seme kutun izentau eban 1976an, eta, egun berean, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain egin eban. Handik hiru urtera hil zan, 1979ko abuztuaren 17an.
Zaitegik itxi dauen arrastoa beste askorena baino handiagoa da, omenaldi gitxiago egingo jakozan arren. Koldo Izagirrek hauxe dino Zaitegiri eskeinitako ‘XX. mendeko poesia kaierak’ lanean: ‘Zaitegiri zor diogu nolabaiteko hari bat luzatu izana gure literaturan, gerraurretik hirurogeikadan lehertuko zen modernotasuneraino’. Poetea, prosalaria, sustatzailea, itzultzaile izugarria… nekez eskertu ahal izango jako dana Zaitegiri, baina memoria modu ona izan leiteke eskerrak emoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!