Tirri Tarra taldeak Bilbon aurkeztuko dau disko barria

Bizkaie! 2006-07-20 02:00   Musikea

Datorren garagarrilaren 22an, musikazaleek hitzordua dabe Bilbon. Gaueko 10:30etatik aurrera, Uribitarteko Pasealekuan, Tirri Tarra talde sinfonikoak ‘Argi Beltz’ disko barria aurkeztuko dau, Donostiako Orfeoia eta Et Incarnatus ganbera-orkestra musika taldeen laguntzinoagaz.

Datorren garagarrilaren 22an, musikazaleek hitzordua dabe Bilbon. Gaueko 10:30etatik aurrera, Uribitarteko Pasealekuan, Tirri Tarra talde sinfonikoak ‘Argi Beltz’ disko barria aurkeztuko dau, Donostiako Orfeoia eta Et Incarnatus ganbera-orkestra musika taldeen laguntzinoagaz. Aurrekaririk bako musika emonaldi hau (80 musikari inguruk parte hartuko dabe) Bilboko Udalaren Kultura eta Euskera Sailak antolatu dau.

Rock sinfonikoaren eta Mike Oldfield lako musikarien eragina izanik, Tirri Tarra taldearen bigarren diskoa aurreko bagilaren 11n aurkeztu eben Donostian, Kursaal aretoan eta oso arrakastatsua izan zan. Tirri Tarra taldeko 23 musikariez ganera, diskoak (azken 6 urteotan landutakoa) Donostiako Orfeoiaren eta Et Incarnatus hari-orkestraren laguntzinoa izan dau. Behin musikearen kalidadea bermatu ondoren, José Antonio Sainz de Alfaro, Orfeoiaren zuzendariak, disko hau grabetako eta gainera zuzeneko aurkezpenean protagonista izateko konpromisaa hartu eban. Et Incarnatusek be bardin egin eban eta Kursaaleko hitzorduan azaldu zan.

Tirri Tarra fanfarrea 1973an sortu zan Josetxo Gonzalezen eskutik Pasaia herri gipuzkoarrean. Bere historiako 30 urtetan, taldearen ibilbidea eta bertatik igaro diran belaunaldiak (300 persona baino gehiago) zeozerk bereizten baldin baditu, karismea eta etenik bako bilakaera grina da. 25 urte baino gehiagotan, Tirri Tarra Europako fanfarrerik abangoardistena eta ospetsuena izan zan, kontinentean jasotako nazinoarteko sari mordoei esker. 25 urtetan fanfarre legez ibili ondoren, Tirri Tarra aldatu eta zeozelan talde sinfoniko bihurtu zan Metallicaren heavy melodikotik Mike Oldfieldera doan eragina jasoz.

Taldearen izaera barritzaileak konpositore ausarta eta talentu handikoa sortzea ahalbidetu eban eta taldeari orain arteko Tirri Tarraren historian zerikusirik ez eukan musika eskaini eutson. Sergio Zurutuza, lehen tronboi-jolea eta gaur egun Tirri Tarra taldeko konpositorea eta gitarra-joleak, ‘RE+FA’ (Elkar 1999) lehen diskoa grabetako aukerea eskaini eutsen, atzealdean itxita fanfarrea eta talde sinfoniko barria sortuz bere soinu adierazpen propioagaz eta ahots barriagaz. ‘RE+FA’ uri-sinfonia bezela izentau eban kritikeak eta, hain zuzen be, kaleko eszenatokitan eta antzokietan izan eban arrakastarik handiena, zuzeneko indartsuakaz eta euren musikearen indar eta sentimentuagaz lortzen eben.

Disko barri bat grabetako proposamena 2000. urtean etorri zan. ‘Argi Beltz’-aren musika barriak, momentu haretan taldeak ez eukan musika-kalidade handiagoa eta taldearen heldutasun handiagoa eskatzen eban. Tirri Tarrak joteari itxi eutson eta bere bigarren ahalegin diskografikoaren sorkuntzeari eta grabazinoari ekin eutsen buru-belarri. Lanaren estreinaldian, aurreko bagilaren 11n, Kursaal aretoa betetea lortu eben eta ia 1.600 lagunek erakutsi eben ahaleginak merezidu ebala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu