Pelota Udalekua

Bizkaie! 2006-07-14 02:00

Ikastolen Elkarteak Pelota Udalekua proiektua garatuko dau garagarrilaren 16tik 23ra bitartean Lekeition. Udalekua 10 eta 12 urte bitarteko nerabeei dago zuzendua eta, pelotari gazteen zaletasuna sendotzea da helburu nagusia, alde hezigarria eta ludikoa bateratuz.

Ikastolen Elkarteak Pilota Udalekua proiektua garatuko dau garagarrilaren 16tik 23ra bitartean Lekeition. Udalekua 10 eta 12 urte bitarteko nerabeei dago zuzendua eta, pelotari gazteen zaletasuna sendotzea da helburu nagusia, alde hezigarria eta ludikoa bateratuz.

Goizeko saioetan pelotari gazteek pala, esku pelota, zesta punta eta xarea praktiketako aukerea izango dabe Lekeitioko udalerriak eskaintzen dituan lau frontoietan, hain zuzen, frontoi laburra, plaza librea, frontoi luzea eta trinketea.

Arratsaldez, bestalde, euskal pelota landuko dabe baina maila teorikoan. Gauzak holan dirala, jokamolde bakotxeko profesionalek modalidade bakotxaren nondik norakoak eta euren esperientziak azalduko deutsiez gaztetxuei; horren artean, Oier Zearra, Asier Berasaluze, Patxi Ziskar eta Maider Mendizabal nabarmendu daitekez. Aldi berean, Miguel Angel Arriaga artisauak palak, zestak edo pelotak zelan egiten diran erakutsiko deutse pelotari gazteei.

Peloteagaz lotutako jarduerez aparte, bestelako ekintza osogarriak be egingo dabez ikasleek udalekuak iraungo dauen astean, besteak beste, arraunlaritzea Isuntza arraun taldeagaz, mendira urteerak eta abar.

Pelota Udalekuak oihartzun zabala izan dau, izan be, Euskal Herriko 18 herritik etorritako 47 neska-mutilek emon dabe izena bertan parte hartzeko. Udaleku honek Lekeitioko R. M. Azkue ikastolea izango dau kokaleku.

Ekimen hau Ikastolen Elkarteak hamarkada luzez ikastola eta ikastetxe publiko zein pribatuei eskaintzen deutsen Ikaspilota proiektuaren osogarri da.

Ikaspilotaren helburua euskal pelota ezagutzen eta estimaduten lagunduko daben ekimenak sustatzea da, kultura, kirola eta hezkuntzearen ikuspegi hirukotxetik. Era berean, eskola mundutik abiatuz, peloteari euskal gizartean jagokon lekua eta garrantzia berreskuratzea da proiektu honen beste asmoetako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu