Euskal enpresen % 23,1ek webgunea dauka
2006-07-12 02:00EAEko enpresen % 23,1ek bere webgunea dauka Interneten eta portzentaje hori % 66,4ra heltzen da bederatzi langile baino gehiagoko enpresetan; beraz, 2006an gero eta gehiago dira informazinoaren teknologietako ekipamenturen bat daukien euskal enpresak, Eustatek eginiko Informazinoaren Gizarteari buruzko inkestearen arabera.
EAEko enpresen % 23,1ek bere webgunea dauka Interneten eta portzentaje hori % 66,4ra heltzen da bederatzi langile baino gehiagoko enpresetan; beraz, 2006an gero eta gehiago dira informazinoaren teknologietako ekipamenturen bat daukien euskal enpresak, Eustatek eginiko Informazinoaren Gizarteari buruzko inkestearen arabera.
Euskal enpresetako IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) ekipamentu kopuruak gora egiten jarraitu dau aurten, hain zuzen be, ekipamentu horreek % 4 gehitu dira.
Establezimentuen % 68,6k ordenadorea dauka (kopuru hau % 4,1 gehitu da); % 56,4k Internetarako sarbidea dauka (% 4,5 gehiagok) eta posta elektronikoa daben establezimentuak % 52,0 dira (% 4,0 gehiago). Bestalde, sakelako telefonoak izan dau ezarpenik handiena, %72,8koa, hain zuzen.
Lurralde historikoen artean ez dago desbardintasun handirik; halan da be, Araban emon dira gehikuntza handienak. Gero Bizkaia dago, Internet, posta elektroniko eta web guneakaz eta azkenik Gipuzkoa ordenadore eta sakelako telefonoakaz.
Teknologia horreek erabilten dabezan langileen kopurua be nabarmen gehitu da. Langileen % 59k ordenadorea erabilten dau; Internet % 47,1ek eta posta elektronikoa % 47,4k. Kasu honetan, eta aurrerago lurralde bakotzeko establezimentuak alderatu diranean gertatzen ez dan bezela, Bizkaian dago teknologia horreek erabilten dituan langile kopuru handiena. Gero Gipuzkoa eta Araba dagoz.
Beste alde batetik, Euskal enpresen % 56,4k Interneterako sarbidea dauka; hain zuzen, konektauta dagoan enpresa kopurua % 4,5 gehitu da. Gehienak ADSL lineen bidez sartzen dira sarera; urtez urte Interneten ibilteko bide hau aukeratzen dabenen kopurua gehitu egiten da. Enpresa guztien % 71,1ek aukeratu dau bide hori. Gero, askoz ehuneko txikiagoagaz (% 26,1), modema (barriro gitxitu da honen erabilerea) eta RDSI (% 9,2) dagoz.
Hamar langile edo gehiagoko enpresen artean, % 93k Interneterako sarbidea dauka. Enpresa horreetako gehienek be Internetera sartzeko ADSL linea daukie, % 82,3k erabilten dau. Askoz urrunago gelditzen dira modemaren erabilerea (% 13,3), beste linea batzuk (% 11,1) eta sakelako telefonoak (% 6,1). Gero eta enpresa gehiagok dauka norberaren edo ostatu gisa hartutako web gunea. Azken urtean, enpresen % 23,1 sarean egoan (% 3,3 gehiago); baina 10 langile edo gehiagoko enpresetan ehuneko hori % 66,4koa da (%2,7 gehitu ondoren).
Bestalde, euskal enpresen % 57,6k segurtasun neurriren bat hartu dau; horreetariko gehienek, gainera, honakoak erabilten dabez: antibirusak (% 54,3), firewall-ak (% 31,7), zerbitzari seguruak (% 29,5) eta kanpoko backup-ak.
EAEn merkataritza elektronikoak oraindino gora egiten dau, hazkundea aurreikusitakoa baino motelago izan arren. Erosketek bultzatu dabe igoera hori, izan be, euskal enpresetan gero eta ohikoagoak dira mota horretako erosketak. Dana dala, salmenta elektronikoak ez dira horrenbeste zabaldu enpresa horreen artean. Euskal establezimentuen % 10,5ek merkataritza elektronikoa egiten dau, hau da, aurreko urtean baino % 2,8 gehiagok. Zehatzago esanda, % 9,6ak erosketa elektronikoak egiten ditu (% 2,7 gehiagok) eta, neurri txikiagoan bada be, % 1,9k salmenta elektronikoak egin ditu (% 0,2 gehiagok baino ez).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!