Berangon I. Musikaola Jardunaldiak Produkzino Musikalaren Prozesuaz

Bizkaie! 2006-07-05 02:00   Musikea

Musikaola Kultur Alkartearen ekinbidez, produkzino musikalaren prozesua sakon ezagutzea helburu daben jardunaldiak izango dira Berangon garagarrilaren 10etik 13ra.

Musikaola Kultur Alkartearen ekinbidez, produkzino musikalaren prozesua sakon ezagutzea helburu daben jardunaldiak izango dira Berangon garagarrilaren 10etik 13ra.

Ekoizpen musikalaren arlo guztiak jorratuko dira adituen berbaldi eta mahai-inguruen bitartez: grabazinoa eta erregistroa, produkzinoa, banaketea eta promozinoa eta kontzertuak. Horrezaz ganera, estudioko grabazinoak be egingo dabez tailer praktikoetan.

Egitaraua

Datorren astelehenean, arratsaldeko 17:00etan, GrabaSonic-eko Ivan Corcuerak lege gordailuei buruzko berbaldia eskainiko dau. Ondoren, Javier Macia eta Miguel Iglesias Bartzelonako SinTonNiSon estudiokoek baliabide gitxigaz zelan egin daitekeen grabazino lan bat azalduko dabe.

Martitzenean, 17:00etan hasita, SGAEren lanari buruz egingo dau berba alkarteko Ignacio Casadok; bigarren zatian, barriz, Anjel Valdes, Elkar disketxeko arduradunak sektorearen nondik norakoen barri emongo dau, eta Elkarren funtzionamentua be azalduko dau. Valdes, gainera, Euskal Disketxeen Elkarteko presidentea be bada.

Eguaztenean, garagarrilaren 12an, goizeko 10:00etan grabazino tailerrak izango dira eta arratsaldeko 17:00etan, barriz, diskoen banaketa prozesuan dagozan jokera barriak azalduko ditu MusicStrands.com zerbitzuko Jordi Sanzek. Ondoren, copyleftari buruzko berbaldia emongo dabe Metabolik BioHacklab-eko Xabier Barandiaranek eta MCD-ko Nikok.

I. Musikaola Jardunaldiak amaitzeko, eguaztenean, 17:00etan, Arturo Peña (Santana 27), Adrian Medrano (Fever & Bullit), Edu Ranedo (I Wanna Productions) eta Ruben Zuluetak (Fabrica de Chocolate eta Crazy Productions) management eta promozinoari buruzko mahai-ingurua egingo dabe. Ondoren, produkzino musikalaren prozesuan esperientzia zehatza ezagutarazoteko Standard taldeko kideek euren gorabeherak azalduko dabez.

Lau egunetako berbaldi eta mahai-inguruetan azaldutako guztia gida-liburu batean jasotea da antolatzaileen asmoa. Jardunaldiak Berangoko Sabino Arana 56, 3. pisuan izango dira (metro geltokitik 5 minutura). Informazino gehiago jasoteko edo izena emoteko: 94-6682489 – musikaola@yahoo.es

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu