Alemaniako ‘Magnus Mehl Quintet’ taldea irabazle Getxoko Jazzaldian

Bizkaie! 2006-07-05 02:00   Musikea

Bigarren saria eta Publikoaren Saria Jazz Kamikaze boskote danimarkarrak lortu dau. Bakarlariei jagokenez, epaimahaiak Brice Moscardini Magnus Mehl Quinteteko tronpeta-jolea saritu dau; publikoak, barriz, Marius Neset Jazz Kamikazeko saxofonistearen alde egin dau.

Alemaniako Magnus Mehl Quintet taldeak irabazi dau Getxoko XXX. Europar Jazzaldiaren Talde Lehiaketea. Bigarren saria eta Publikoaren Saria Jazz Kamikaze boskote danimarkarrak lortu dau. Bakarlariei jagokenez, epaimahaiak Brice Moscardini Magnus Mehl Quinteteko tronpeta-jolea saritu dau; publikoak, barriz, Marius Neset Jazz Kamikazeko saxofonistearen alde egin dau.

Magnus Mehl Quintet alemaniarrak

Taldea 2005eko udan sortu eban Magnus Mehl saxofoi-joleak. Taldekide guztiek Koloniako konserbatorioan ezagutu eben alkar. Bandak berezko konbo kontzeptua garatzen dau eta indarrez eta freskotasunez egiten dau jazza, jatorrizko piezen interpretazinoa eta eragin musikal nagusien ganeko moldaketak buztartuz. Freskotasuna eta energia dira boskote honen musikearen ezaugarri nagusiak eta, horreetan oinarrituta, talde-kontzeptu barri bat garatzeko asmoa daukie.

Jazz Kamikaze danimarkarrak

2005eko hasieran sortu zan taldea, Danimarkako gazte talentuentzako ‘Young Jazz’ lehiaketan berehalako arrakastea lortzeko asmoagaz. Izan be, lehen parte-hartzean irabazi egin eben eta, jarraian, ‘Young Nordic Jazz Comets’ lehiaketan lehenengo saria lortu eben. Boskoteak jazz akustiko modernoa joten dau, besteak beste, E.G. Joshua Redman, Chris Potter eta Dave Hollanden eraginagaz. Halanda be, ez dauka inspirazino-iturri zehatzik.

Sariak

Talde Lehiaketearen irabazle Magnus Mehl Quintet alemaniarrek 3.000 euro jaso eta CD bat grabauko dabe. Gainera, gaur, garagarrilak 5, barriro joko dabe Algortako Biotz Alai plazan, 21:30ean, Billy Cobham-Didier Lockwood String Quartet taldearen aurretik. Ostean, Hoeilaarteko (Belgika) eta Ibizako (Espainia) jazzaldietan parte hartuko dabe.

Bestalde, bigarren saria lortu dauen taldeak 1.200 euro jasoko ditu, eta bakarlaririk onenak 600 euro. Publikoen sariei jagokenez, irabazleek oroitzapenezko garaikurrak jasoko dabez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu