Sopuertako Mendebala Festibalak kartel parebakoa dakar aurten
2006-06-15 02:00 MusikeaFestibalaren bosgarren edizinoa aurkeztu barri dabe Bilbon. Musika tradizionalari bultzadatxua emon guran, bagilaren 30ean Euri ttanttak, Zura, Mal de Ojo eta Gose taldeak izango dira herri bizkaitarrean. Garagarrilaren 1ean, Xuacu Amieva, Carlos Núñez eta Lamatumbá.
‘Gaur, hemen eta orain, musika folk eta musika tradizionala aldarrikatzen doguz, euren aldaera guztietan, mundu zabalean gure komunidadearen eta gure izate kulturalaren nortasun-berezitasuna diran aldetik. Zuztarreko musikeak bere egiten dau, beste generoek egiten ez daben legez, kultura aniztasuna; horregaitik babestu behar da errepertorioa pentsamentu bakarraren globalizazino kolonizatzailetik’
Ideia horretan oinarritzen da aurtengo Sopuertako V. Mendebala Festibala. Bagilaren 30ean eta garagarrilaren 1ean, musika tradizionala eta folk musikea izango dira nagusi herri bizkaitarrean. ‘Aurreko bost edizinoetan esperientzia hartu dogu eta, euskal musikearen panoramea ikusita, arriskuren bat edo beste hartzea erabagi dogu’, esan dau Mendebala alkarteko koordinatzaile Santi Rodriguezek aurkezpen-prentsaurrekoan. Arrisku hori kartelean bertan topau geinke, izan be, garagarrilaren lehenengo egunean egongo diran taldeak ezagunak izan arren, bagilaren azken egunekoak, akaso, ez dira horren oihartzun handikoak. ‘Musikearen munduan, izen batzuk baino ez dira entzuten eta emoten dau ganerako taldeak existidu be egiten ez dirala eta baztertuta dagoz’. Arazo horri aurre egiteko, Mendebalak Folk Maketa Lehiaketea eta Festibala antolatzen ditu urtero. ‘Aurten, bertoko taldeei emon gura deutsegu bultzadea, oso gitxi ezagutzen diranei’, dino Rodriguezek. Kontzertuak dobakoak izango dira eta akanpatzeko lekua be egongo da.
Holan ba, bagilaren 30ean (22:30ean) honako taldeak izango dira entzungai Sopuertan: Euri ttanttak Amurrioko taldea (igazko Folk Maketa Lehiaketan finalista izan ziran), Zura (‘Ilargi handi zauzi zarae’ diskoa kaleratu eben igaz), Mal de ojo rumba eta ijitoen erritmo alaiak lantzen dituan talde euskalduna eta Gose arrasatearrak. Ganera, iluntzeko zortziretatik goizaldeko ordubietara arte artisautza azokea egongo da.
Garagarrilaren 1ean (22:00), nazinoarte mailako taldeak egongo dira: Xuacu Amieva Asturiasetik etorriko da; Carlos Núñez eta Lamatumbá, ostera, Galiziatik. Bestalde, 18:30ean, euskal jantza saioa izango da Urreztieta eta Ibai Lorak taldeekaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!