EOSek Arriagaren lanak grabauko ditu
2006-06-13 02:00 MusikeaEuskal Konpositoreen Bildumearen hamargarren CDaren grabazinoa Maria Jose Morenok, Iñaki Fresanek, Joan Caberok eta Easo Abesbatzak hartuko dabe parte. Ganera, Marguerite Dütschler Claves suitzarrari (izen bereko disketxearen zuzendaria izandakoa) omenalditxua egingo deutse.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) aste honetan amaituko dau 2005-2006 denporaldia Euskal Konpositoreen Bildumearen hamargarren CDaren grabazinoagaz. Ale horrek Juan Crisostomo de Arriagaren lanak batuko ditu. Helburua konpositore bilbotarraren obra sinfoniko ezezagunena euskarri batean jasotea da eta, horretarako, EOSek Maria Jose Moreno, Iñaki Fresan eta Joan Cabero kantariakaz grabauko dau lana. Ganera, orain dala gitxi hil dan Marguerite Dütschler Claves suitzarrari (izen bereko disketxearen zuzendaria izandakoa) omenalditxua egingo deutse.
Dütschler anderearen eta Euskadiko Orkestrearen arteko loturea orain dala hamar urte hasi zan, Euskal Konpositoreen Bildumearen grabazinoa martxan jarri zanean. Dütschler oso pozik egoan proiektuagaz eta Suitzatik bertora etorten zan sarritan, EOSegaz lan egitera.
CD barrian, Maria Jose Moreno sopranoa, Joan Cabero tenorea eta Iñaki Fresan baju-jole nafarra izango dira Easo Abesbatza eta Easo Abesbatzearen Eskolaniako umetxu bategaz batera. Oraingoan be, Cristian Mandeal arduratuko da zuzendaritza artistikoaz eta lan hau, bildumea osotzen daben aurreko bederatziak legez, Claves disketxeak atarako dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!