Larruskaineko sagarrondo santua
2006-05-22 02:00Gerran frankotarrek hildako abadeak gogoratuko doguz baina datu eta pasadizuetan ez gara sartuko horrek luze joko leukelako. XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan, Markina inguruan izandako pasadizo baten barri emongo dogu.
Laster 1936ko gerrea hasi zaneko 70. urteurrena izango da. Gerran, gudariak ez eze, hainbat jente hilten da, eta tartean abadeak be bai. Eta ez bakarrik erlijinoaren kontrako ziran komunista, anarkista edo sozialistak hilda, erlijinoa eta katolikotasuna salbetako eta haren izenean etozan Frankotarrek hilda be bai. Azken hau batez be Hego Euskal Herrian pasau zan.
Oraingo idatzian, gerran frankotarrek hildako abadeak gogoratuko doguz baina datu eta pasadizuetan ez gara sartuko horrek luze joko leukelako. XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan, Markina inguruan izandako pasadizo baten barri emongo dogu.
Dana hasi zan Markinatik hur dagoan Larruskain auzoko Amolategi baserriko landatako sagarrondo bat, haize bolada batek lurrera bota ebanean, 1958ko bagilean. Handik hilebete batzuetara, zemendiko gau batez, beste haize bolada batek sagarrondoa altzau eta zutunik ipini eban. Haizea baretu eta sagarrondoak zutunik irauten eban. Bertakoen harridurarako, lau astetan izan zan sagarrondoa zutunik, inguruetan egozan beste edozein arbola bezela. Inork ez eban arrazorik ikusten, lurrean sartutako ia sustrairik ez eukan arboleak lau astean zehar zutunik irauteko. Horrezaz ganera, alboko baserrietako baserritar gazte batzuk arbolea egoan lekura joan eta botaten ahalegindu arren, ez eben lortu.
Lekua ez zan hain ezezaguna Larruskain auzokoentzako. Zugatza egoan lekutik hogeita hamar metrora gitxi gora behera, gerra garaian, José Sagarna abadea fusilau ebelako frankistek. Beraz, ugatzagaz pasautakoa ikusirik eta lekua, Sagarna fusilau eben lekutik hur egoala jakinda, txutxu-mutxuak hasi ziran Markina inguruan.
Gehienak Sagarna abadeagaz pasautakoa eta zugatzarena lotuz, Larruskaineko pasadizoa ‘Goitik’ etorren seinalea zala pentsau eben. Hori esan eta berehala zabaldu ziran inguruetan hainbat kontu: gaixorik egoan Markinar baten osatze prozesu milagrosua; abadea fusilau eben lekuan ez zala barriro bedarrik hasi; Amalloko kanposantuan Sagarnaren gorputza oraindino osorik egoala, nahiz eta hainbeste urte igaro gerrea amaitu zanetik; sagarrondoak zemendian oraindino sagarrak emoten ebazala eta beste hainbat eta hainbat kontu, antza danez ezelako arrazoibiderik barik. Kontuak kontu, asko izan ziran inguruetako herrietatik, sagradutzat joten zan lekura hurreratu ziranak. Askorentzako zugatzagaz eta Sagarnaren gorputzagaz pasautakoak, abadearen santutasunaren erakusle bi baino ez ziran. Hurreratu ziran askok sagarrondo ‘santuaren’ orbelak hartu eta errelikia modura eroaten be hasi ziran.
Hain izan zan haundia Larruskaineko sagarrondoaren inguruan sortutako mobimentua, agintariak be arduratuta agertu zirala. Han pasautakoa beste hainbat lekutan sortutako siniskerien antzekoa izan eitekean, baina hori agintean ziran frankotarrek hildako abade bategaz lotu eta haren santutasunaren erakusle modura erakustea larregi zan. Edo hobeto esanda, ez zan bape egokia. Beraz, Guardia Zibilak bialdu ebezan berehala, sagarrondoaren inguruetan egozan lagunak euren etxeetara bialdu eta zugatzaren ingurura inor ez hurreratzeko agindua emon eta neurriak hartu zituen. Izan be, Guardia Zibil bikotea gau eta egun egoan sagarrondo ‘santua’ jagoten.
Halan da be, jentearen zurrumurruak ez ziran baretu eta agintariek mila pezetako isunak jarri zituen Sagarna abadea edo Larruskaineko sagarrondoaren gainean zeozer esaten ebenentzako, zugatzagaren kontu guztia ‘separatistek’, hau da euskal abertzaleak, bertokoak engainetako asmautako guzurra baino ez zala esanez; ahalegindu ziran zugatzarena baten batek asmau eta preparautako kontua zala argitzen eta egiaztetan. Horretarako, berton bizi ziran batzuk deklaretan eroan zituen, baina ez eben euren asmorik lortu. Azkenik, eta ikusirik ez egoala jentearen barriketaldiakaz amaitzerik, Amolategi baserriko jaunari zugatza botateko agindu eutsen, baina honek ezetz esan eta eurek botateko nahi izan ezkero erantzun eutsen. Baina ez Guardia Zibilik ez inor ez zan ausartu zugatza botaten.
Ez agintariak, ez Guardia Zibilek lortu ez ebena, azkenean sagarrondoa ‘altzau’ zanetik lau aste igarota lortu zan. Zemendiko gau haizetxua pasau eta gero, zugatza lurrean jausita agertu zan hurrengo egunean.
Oraindino jarraitu eben zurrumurruek eta honeen artean bat zan nagusi: zugatza jausi arren, handik lau astera barriro be altzau eta zutunik ipiniko zala esaten ebanak. Asko izan ziran azken hau sinistu eta iragarritako egunean Amolategi baserri ingurura hurreratu ziranak. Baina ez zan agindutakoa jazo.
Hilebeteak igarota eta Larruskaineko sagarrondoaren kontuak baretu ziranean, batzuen esanetan, jazotako guztiaren gainean garrantzitsuena ez zan zugatza zutunik irautea edo ez irautea. Garrantzitsuena Larruskainekoak, Sagarna eta beste hainbat abadeakaz Frankotarrek egindakoa jentearen artean zabaltzeko balio izatea zala adierazoten eben, eta horretarako, beharbada, Jaungoikoak zugatza erabili ebala aitatzen eben, guk gaur egin dogun moduan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!