Gorbeiaren magaleko harrobia
2006-05-17 02:00 MusikeaBabelmusik diskoetxe barriaren eskutik jatorku Arratiako taldea 'Moai' lehenengo diskoagaz. Pop musikea egiten dabe, rock & roll ikutuagaz.
Aspaldi hasi ziran Harrobi taldeko kideak musikearen munduan. Badira hamar urte baino gehiago. Ordutik, hainbat zuzeneko emon ditue David Ibarrak eta Iñaki Akesolok. Bata dimoztarra; bestea, igorretarra. Biak Gorbeiaren magalekoak. Zeozer gehiago egin guran, Bihotz Gorospe abeslariagaz hasi ziran alkarlanean eta azken emoitzea da Babelmusik diskoetxe barriagaz ataratako diskoa: ‘Moai’.
Taldean hiru lagun egon arren, diskoan eta zuzenekoan banda osoak joten dau: taldekideez gan, Ruben Caballero gitarran, Iban Zugarramurdi baterian, Iñigo Telletxea bajuan eta Satxa Soriazu tekladuan. Pop musikea egiten dabe, ‘rock´n roll ikutuagaz’, Ibarrak zehaztu dauen legez. ‘Ni 1965etik 1975era arte egindako musikearen jarraitzailea naz, Beatles, Rolling...’. Halanda be, Akesolok rockerantz bideratu dau taldea eta estilo horretan egindako kanta bat dago diskoan. Letrei jagokonez, ‘danetarik dago baina, batez be, gatazketan oinarritzen dira kantak: bertokoak zein mundu zabalekoak’, dino Ibarrak. Berak idatzi ditu kanten berbak.
Orain arte lokal txikietan jo dabe baina aurrerantzean plazarik plaza ibilteko asmoa daukie. Daborduko aurkeztu dabe diskoa, Usansolon. Aurrerantzean, Zamudion (bagilak 3) eta Diman (bagilak 30) joko dabe. Udan, hainbat herritan izango dira eta ostean, udagoienean, barriro aretoetara bueltetako asmoa daukie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!