Getxoko XXX. Jazzaldia garagarrilaren 1etik 5era bitartean

Bizkaie! 2006-05-03 02:00   Musikea

Eddie Palmieri & Afro-Caribbean Jazz All-Stars, Didier Lockwood-Cobham String Quartet edo Philip Catherine Triok joko dabe Getxoko Jazzaldiaren 30. urteurrenean.

Garagarrilaren 1etik 5era bitartean egingo dan Getxoko Europar Jazzaldiaren 30. edizinoak baditu daborduko izen nagusiak.

Eddie Palmieri & Afro-Caribbean Jazz All-Stars, Didier Lockwood-Cobham String Quartet edo Philip Catherine Triok joko dabe Getxoko Jazzaldiaren 30. urteurrenean

Garagarrilaren 1etik 5era bitartean egingo dan Getxoko Europar Jazzaldiaren 30. edizinoak baditu daborduko izen nagusiak. Aurten, publikoak Eddie Palmieri & Afro-Caribbean Jazz All-Stars, Didier Lockwood-Cobham String Quartet, Philip Catherine Trio, Miroslav Vitous-John Abercrombie eta Benavent-Di Geraldo-Pardo hirukotea lako musika taldeez gozau ahal izango dau Getxon, horreek izango baitira jaialdiko emonaldi nagusietako protagonista.

Horreei Talde Lehiaketako kontzertuak, Hirugarren Milurteko atala eta Jam Sessionak gehitu behar jakez. Ohi bezela, Biotz Alai Plazak artista garrantzitsuenen emonaldiak jasoko ditu, Talde Lehiaketakoakaz batera, gaueko 21:30etik aurrera. Getxo Antzokia Plazan, barriz, Hirugarren Milurteko ataleko kontzertuez gozau ahal izango da.

Getxo Jazz 2006 ekitaldia hasteko ardurea Miroslav Vitousek eta John Abercrombiek eratutako bikoteak izango dau. Lehena, munduko hiru baxu-jole onenetako bat dala esan ohi da, eta Grammy sarietarako hainbat izentapen jaso izan ditu. AEBtan hasi eban musikari ibilbidea 1960ko hamarkadan, Pragan prestakuntza zabala jaso ondoren.

Ibilbide horretan zehar, Carlie Mariano, Bob Broolmeyer, Stan Getz, Herbie Mann, Miles Davis, Chick Corea edo Roy Haynesen mailako artistakaz ibili da eta bere ibilbide musikala taldean nahiz bakarka garatu dau.

Bestalde, Abercrombiek 40 urte baino gehiagoko ibilbide musikala dauka, eta itzal handienetako gitarra-joletzat hartzen da, bai gitarra elektrikoari jagokonez, eta baita akustikoari jagokonean be.

Biharamunean, garagarrilaren 2an, jazz latindarra protagonista bilakatuko da puertorricoar jatorriko pianista ospetsua dan Eddi Palmieriren eskutik. Eddi Palmieri salsa eta erritmo latindarrak 1950eko hamarkada amaierako eta 1960ko hamarkadako New Yorken sartu zituan lehen musikarietako bat izan zan. Han Johnny Segui, Tito Puente edo Vicentico Valdesekin egin eban topo, eta lankidetza estuari eutsi deutso urteetan.

Hainbat hamarkadatan neurriz gaineko eta sailka ezina dan artista aztarna itxi dau, eta gaitasun berezia izan dau bere ondareko erritmo latinoak Thelonius Monk eta McCoy Tyner lako maisuen eraginakaz fusionetako. Musikari honek bere ibilbide oparoa bermatzen daben zortzi Grammy sari ditu, horreetan azkena aurten bertan lortua. Getxon, bere egungo taldearen buruan egongo da: Afro-Caribeean Jazz All-Stars.

Hirugarren egunean, jaialdiak bide erdia beteko dau Carles Benaventek (baxua), Tino Di Geraldok (bateria) eta Jorge Pardok (saxo eta flauta) eratutako taldearen emonaldiagaz. Talde hau, Jorge Pardoren eta Carles Benaventeren aurreko taldetik dator, flamenko barrian historia egin eta 1998an bere zikloa amaitu ebana munduko jazz jaialdi garrantzitsuenetatik igaroz eginiko bira arrakastatsuagaz.

Seikote haretan erritmo flamenko zurrunaren gaineko inprobisazinoa hasi zan garatzen, jarrera jazzistikoa hartuz eta Pardo eta Benaventeren konposizinoetan oinarrituz. Horri guztiari eutsi deutse talde barri honetan. Lan barria argitaratzekotan dira, Sin precedentes izenekoa, eta Getxon aurkeztuko dabe.

Laugarren egunean, Philip Catherine hirukotearen txandea helduko da. Gitarra-jole hau Europako jazzaren buruan egon da 1960ko hamarkadatik aurrera, eta Chet Baker, Dexter Gordon, Charlie Mingus edo Stephane Grappelli-ren mailako artistakaz egin dau lan, besteak beste.

1970eko hamarkadearen hasieran, freejazzaren eta fusinoaren esparruan mobidu zan zen gehien Jean-Luc Ponty, Larry Coryell, Charlie Mariano eta Jaspert Van't Hofegaz batera. Artista honen ibilbidean eginiko musikeak argitasuna irabazi dau eta adierazkortasun melodiko nabarmena lortu. Horrek guztiak bere belaunaldiko gitarra-jole gailenen artean jarri dau.

Azkenik, jaialdiari amaiera bikaina emotea Lockwood-Cobham String Quartet taldearen esku egongo da, bi birtuosoren alkartze musikalaren ondotik sortutako banda bat: Didier Lockwood biolin-jolea, Stephan Grappelli-ren ondorengoa Europako biolin jazzistikoaren tronuan, eta bere instrumentuan espezialistarik handienetarikoa; haregaz batera, Billy Cobham bateria-jole ospetsua egongo da, duda barik maisua jazzaren fusinoan nahiz jazz klasikoan. Azken horren eragin estilistikoa mundu osoko hamaika bateria jolerengana heldu da, eta perkusino modernoaren historian ezinbesteko erreferentzia da.


Agertokiak

Urtero legez, jazzaldiak hiru kontzertu mota izango ditu. Biotz Alai plazan Talde Lehiaketako emonaldiak eskainiko dira, 21:30etan. Euren ondoren, agertokira artista nagusiak eta eguneko talde garrantzitsuenak igongo dira. Bestalde, Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak Getxo Antzokiko plazan izango dira. Bertan jazz banda gazteek euren freskotasuna eta musika genero honi egindako ekarpen barriak erakutsiko ditue.

Azken finean, XXX. Getxoko Nazinoarteko Jazzaldiak nazinoarte mailako artista garrantzitsuenen kontzertuak antolatu ditu barriro. Aldi berean, artista barriei jentaurrean euren burua ezagutarazoteko aukerea eskaintzen deutse. Europako, AEBetako, Euskal Herriko eta Estaduko ganerako lekuetako taldeak eta artistak Getxon alkartuko dira, danetara, 15 emonaldi eskaintzeko.

Era berean, ezin ahaztu Jam Sessionsak, Algortako Piper's Irish Pubean izaten diranak Biotz Alai Plazako ekitaldiak amaitu ondoren. Bost egunetan zehar, jazzaren soinuek Bizkaiko udalerri honetako kaleak beteko ditue. Musika ona gogoko daben guztientzat lehen mailako bilgunea bihurtuko da.


Getxoko XXX. Nazioarteko Jazzaldirako sarreren salmentea gaur hasiko da

Antolakuntzako iturriek jakinarazo dabenez, BBKren orotarako kutxazainetan, 944 310 310 (teleka) eta 944 319 280 (Getxoko Kultur Etxea) telefonoetan, www.bbk.es webgunean eta Getxoko Kultur Etxearen egoitza nagusian eros daitekez sarrerak.

Ohikoa danez, Biotz Alai plazako kontzertuetarako baino ez da sarrerarik pagau behar, Getxo Antzokiko plazakoak dobanekoak dira eta.

Sarreren prezioak ondokoak dira: garagarrilaren 1, 3, 4 eta 5erako, 12 euro; garagarrilaren 2rako (Eddie Palmieri), 18 euro; eta abonua 50 euro. Bestalde, BBK 26 txartela, Gazte Txartela, Bilbaina Jazz Clubeko eta Lector 10 txartela dabenek eta jubilatuek prezio bereziak izango ditue: 9 euro garagarrilaren 1, 3, 4, eta 5erako; 14 euro garagarrilaren 2rako; eta 40 euro abonua erosteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu