Orlando Bloom, Jeremy Irons, Ricardo Darín eta Werner Herzog, besteak beste, Donostian dirala ekingo jako 74. Donostia Zinemaldiari

Bizkaie! 2026-09-18 11:55   Zinemea

Inaugurazino Galan jasoko dau Donostia Saria Werner Herzog zinegileak.

Herzogen Bucking Fastard film luze barria ikusteko aukerea egongo da, Rooney Mara, Kate Mara, Orlando Bloom eta Domhnall Gleeson dituana protagonista nagusi.

Ganerakoan, lehenengoz, Fer Pérezek —Paco Leónek zuzendutako filmen (hala nola Kiki, el amor se hace eta Arde, Madrid) gidoia idatzi dauen zinemagileak— idatzi eta zuzenduko ditu Donostia Zinemaldiko galak. Sevillarrak, gainera, Los justos aurkeztuko dau aurten Made in Spain sailean, fikzinoko bere lehen film luzea. Jorge A. Laragaz batera zuzendu dau pelikulea .

Fariba Sheikhan eta Mariona Terés aktoreek aurkeztuko dabe inaugurazino-ekitaldia gaur, hilak 18, arratsaldeko 20:30ean, Cayetana Guillén-Cuervoren laguntzeagaz. Ekitaldian, Werner Herzog zuzendari, gidoigile, produktore eta aktoreari Donostia Saria emongo jako, FIPRESCI Sari Nagusia entregeteaz gan. Galan bertan, egun horretan epaimahai ofiziala aurkeztuko da, Fatih Akinen Geister filmaren emonaldiaren aurretik.

Hurrengo egunean —irailaren 19an (zapatuan)—, Naomi Wattsek Donostia Saria jasoko dau 22:15ean hasiko dan ekitaldian (Jon Plazaola izango da aurkezlea). Ondoren, The Housewife filmaren proiekzinoa egongo da.

Azkenik, irailaren 26an (zapatuan), 20:30ean, amaierako ekitaldia egingo da, Bárbara Goenaga eta Fernando Guallar aktoreek aurkeztuta. Galan Donostia Zinemaldiaren 74. edizinoko sariak banatuko dira eta Michaël R. Roskam zuzendariaren Le Faux Soir filma proiektauko da (aurtengo edizinoko Sail Ofizialari lehiaz kanpo amaierea emongo deutson pelikulea).

Belodromoak amaierako galearen zuzenekoa eta amaierako filmaren proiekzinoa be hartuko ditu. Zeremoniaren aurretik, 18:00etan, Juste une illusion filmak amaierea emongo deutso, lehiaz kanpo, Perlak sailari. Film luze hori emon eta zeremoniaren ondoren, Sail Ofiziala lehiaz kanpo zarratzen dauen Le Faux Soir filma proiektauko da Belodromoan.

Kursaaleko inaugurazinoko eta amaierako galetarako sarrerek 80 euroan dagoz salgai. Bestalde, Naomi Wattsi Donostia Saria emoteko ekitaldietarako sarrerek 50 euroko prezioa izango dabe gune orokorretan eta 55 eurokoa B gunean.

Saio horreetarako guztietarako sarrerak salgai dagoz hemen. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu