2026ko Komunikazino Saria Koro Santestebani emon deutso Zinema Akademiak
2026-06-19 07:42 ZinemeaDonostia Zinemaldiaren Espainiako prensako arduradunari.
Koro Santestebanek (Donostia Zinemaldiaren Espainiako prensako arduraduna) 2026ko Alfonso Sánchez Komunikazino Saria jasoko dau Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren eskutik. Santesteban 1988tik dago lotuta Zinemaldiagaz eta Madrilen garagarrilaren 15ean eskuratuko dau saria.
Zinema Akademiak Alfonso Sánchez Komunikazino Sariaren bidez nabarmentzen dau hedabideek eta profesionalek Espainiako zinemea zabaldu eta sustatzeko egindako lana. Akademiako kideek adierazo dabenez, 'Santestebanek saria jasoten dau jaialdi donostiarraren komunikazino eta prentsa-talde bikainaren ordezkari bezela, Espainian egiten dan zinema-jaialdirik garrantzitsuenean akreditautako hedabide, kazetari eta personakazko hartu-emonak bikain kudeatu ditualako”.
Koro Santestebanek Zinemaldiko Prensa departamentuan egin dau lan-ibilbidea, bai kudeaketa eta koordinazino-lanetan, bai hartu-emon publikoetako lanetan. Lehen urteetan atzerriko prenseari arretea emoten ibili ondoren, Espainiako prensaren arduradun izentau eben 1997. urtean, eta eginkizun horretan ibilten da oraindino.
Oso pozik eta hunkituta agertu da ezusteko honengatik eta, Santestebanek esan dauenez, oso maitatua sentiduten naz eta besarkada beroa izan da omenaldia. Era berean, bizitearen oso momentu berezian heldu jat eta Zinemaldiko kide danakaz konpartidu nahi dot. Urtez urte giza hartu-emonen balioa nabarmentzen dot. Nire ahalegina eta interesa bideratua dago guztiok —lantaldea, kazetariak, erakundeak, babesleak, prentsa-agenteak eta bestelakoak— ondoetorriak sentidu eta eroso lan egin daizeun. Sariak erakusten dau hurreko tratua oraindino baloretan dala eta teknologiak ez dauela inoiz ordeztuko.
Kontuak kontu, garagarrilaren 15ean Koro Santestebanek Madrilgo Zinema Akademiaren egoitzan eskuratuko dauen saria honako honeek be eskuratu dabe aurreko edizinoetan: Diego Galán eta TVEko Versión Española saioa, Antonio Gasset, Oti Rodríguez Marchante, Conxita Casanovas, Cartelera Turia aldizkaria, Yolanda Flores, Nuria Vidal, Carles Francino, Begoña Piña, Anton Merikaetxebarria, Chusa L. Monjas, Elisenda Nadal, Jaume Figueras eta María Guerra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
