FANT Bilbaok 'Planotik Kanpo' sekzinoa estreinauko dau
2026-04-16 09:37 ZinemeaFantrobia Saria Bruno Martinentzat izango da.
Bilboko Udalak atontzen dauen 32. FANT Fantasiazko Bilboko Zinema Jaialdia maiatzaren 8tik 16ra izango da baina hasi baino egun batzuk lehenago, jaialdiak Planotik Kanpo sekzinoa estreinauko dau, fokuaren erdigunean egon barik industriaren euskarria dan guztiari dedikauta. Holan, maiatzaren 4tik aurrera FANTek askotariko programazinoa aurkeztuko dau genero fantastikoaren inguruan.
Era berean, Jaialdiak 2026ko edizino honetan saritutako personei buruzko zehetasun gehiago emoten jarraitzen dau. Aranzazu Callejak Ohorezko FANT saria eta Eugenio Mirak Fantastikoaren Izarra Saria jasoko dabela iragarri ondoren, FANTek jakinarazo dau Bruno Martín zuzendari, gidoilari, editore eta aktore madrildarrak Fantrobia saria jasoko dauela. Sari horrek genero honetako zinemearen barruko figura barriak saritzen ditu.
Planotik Kanpo - Erakusketak
Nerea Torrijos.
Ziklo barri hau Nerea Torrijos jantzien diseinatzaile bilbotarraren Zinemako jantziak / Vistiendo películas erakusketeagaz hasiko da. Zenbait pieza originalen bidez, publikoak ikusiko dau zelan erabilten dituan egileak ehunak, testurak eta koloreak zineman munduak eregiteko.
Abandoko Udaltegiak haren diseinuen lagin bat hartuko dau maiatzaren 4tik 29ra, 16:30etik 20:30era. Sartzea librea izango da, leku guztiak bete arte. Inaugurazinoa eta bisita gidatua maiatzaren 4an izango da, 19:00retan, Nerea Torrijosegaz.
Bilbotar honek Goya Saria dauka Akelarre filmeko jantzien diseinuagaitik, baita FilmQuest sari bat be, Errementari lanaren jantzien diseinuagaitik. Gainera, Irati filmagaitik izentauta egon da 2023ko Goya sarietan eta 20.000 especies de abejas filmagaitik 2024ko Goya sarietan. Era berean, haren diseinuak Paul Urkijoren Gaua filman agertzen dira.
Era berean, maiatzaren 8tik 30era, Batman, gaueko zaindaria erakusketea ikusgai egongo da Begoñako Udaltegiko liburutegian. Sartzea librea izango da, leku guztiak bete arte.
Planotik Kanpo: Bajo tus pies filmaren aurrestreinaldia
Cristian Bernard zuzendari argentinarraren Bajo tus pies filmaren aurrestreinaldia be atal barrian izango da; besteak beste, Maribel Verdú eta Sofía Otero izango dira protagonista, eta Golem Alhóndiga zinema-aretoan emongo da, maiatzaren 4an, 20:15ean, publiko orokorrarentzat. Sartzea librea izango da, leku guztiak bete arte. Gaur, 16:30etik aurrera, zinemako txarteldegietan jaso beharko da gonbidapena. Sarrerak atarateko orduan, lehentasuna izango dabe aurrestreinaldira FANTen kamiseta, boltsa, programa edo bestelakoez doazenek.
Egun horretan bertan, 11:30ean, prentsaurrekoa egingo da Bastida Aretoan, eta bertan Amaia Domingo jaialdiko zuzendariak eta filmeko lantaldeko kide batzuek parte hartuko dabe. Jaialdia hasi aurreko film-proiekzinoak FANT Bilbaoren egoitzetan aurreikusitako programazinoaren aurrerapena dira. Aves de corral, Decorado eta Gaua izan dira PREFANTen edizino honen esparruan orain arte aurrestreinautako film luzeak; horreezaz gan, Tim Burtonen Batman-en proiekzinoa be ezin ahaztu (Batman da, hain zuzen be, jaialdiko edizino honetako karteleko protagonistea).
Bajo tus pies
Filma maiatzaren 8an, barikuan, estreinauko da ofizialki zinema-aretoetan.
Planotik Kanpo - Liburuen aurkezpenak
Maiatzaren 7an, 19:00retan, Jaime Novo mobikortasunean espezializautako kazetariak Rowan March: El Consenso liburua aurkeztuko dau Abandoko Udaltegian. Thriller distopiko bat da, entretenimendua, kritika soziala eta bizikletak nahasten dituana.
Sartzea librea izango da, leku guztiak bete arte.
Maiatzaren 9an, 12:30ean, Jack Taylor aktorearen Mis 100 años de cine. Memorias liburuaren aurkezpena egingo da Azkuna Zentroko Bastida Aretoan. Bego del Tesok aurkeztuko dau, Victor Matellano tartesan izango dalarik. Sartzea librea izango da, leku guztiak bete arte.
Oinarrizko hitzordua da hau Jack Taylorren zinemearen zaletuentzat. 99 urteko aktore honek bizipen mamintsuen bidez kontetan dau bere ibilbide profesionala memoria honeetan.
Hurrengo egunean, maiatzaren 10ean, 12:30ean, Edith del Campo, Kate Lynnon eta Madame Eloise egileen Revelaciones liburuaren aurkezpena egingo da Azkuna Zentroaren espazio berean. Istorioz betetako liburua da. Batzuk harrigarriak izango dira; beste batzuk, barriz, samurrak; batzuk benetan ikaragarriak.
Sartzea librea izango da, leku guztiak bete arte.
Planotik Kanpo - Umeentzako proiekzinoak
Jaialdian zehar, FANTESKOLA zikloan 5 eta 12 urte bitarteko umeentzako hiru film emongo dira: Maya, emaidazu titulu bat, Oink Oink eta Kaixo Frida. Hitzorduak BBK Aretoan izango dira, maiatzaren 11tik 14ra, goizeko 11:00etan.
FANT-en babesa emakumeek produzidutako zinemeari
Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak andrazko sortzaileek egindako lan zinematografikoak babesten jarraitzen dau. Horren erakusgarri da GIDOI Euskal Herriko Gidoilarien alkarteagaz egindako alkarlana. Emakume Egileentzako Film Laburren Gidoien Lehiaketearen III. edizinoa aurkeztu dau alkarte horrek, fantasiazko eta bildurrezko zinemako gidoietarako bakarrik, FANTen arloagaz bat etorriz.
Ikus-entzunezkoetan emakumeen talentuari ahotsa emotea helburuari eutsiz eta (H)emen-en babesa jasoten dauen urteko ekimen honegaz alkarlanean ibiliko da jaialdia, zehatz, Planotik Kanpo sekzinoan Industry izeneko jardunaldi bat sartuz. Egun horretan, lehiaketan hautatutako gidoilariek pitch saio batean parte hartuko dabe euren proiektuak aurkezteko sektoreko profesionalen aurrean eta lankidetza barriak sortzeko. Jardunaldia maiatzaren 6an izango da Campos Antzokiaren Kupula Aretoan 19:00retan. Sartzea librea izango da lekua bete arte.
Era berean, GIDOIk sustatutako lehiaketearen epaia FANT Bilbaoren amaierako galan jakinarazoko deuskue, maiatzaren 15ean, 19:30ean, BBK aretoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
