Bueltan da 'Bidaiariak, zinemara' kanpainea
2026-03-27 11:04 ZinemeaEuskal Herriko eta Europako zinemea sustatzea da asmoa.
Martxan da 10. Bidaiariak, zinemara! kanpainea. EZAEren eta Zineuskadiren arteko hitzarmenari esker jorratutako kanpaineak, betiko lez, euro biko deskontu zuzena eskainiko dau sarreretan. Euskadiko zinema-aretoen alkarteak astero film bat edo bi aukerauko ditu deskontua jasoteko. Lehentasuna izango dabe euskal eta euskerazko pelikulek, baina europar produkzinoak be sartuko dira sustapenean.
Kanpainara atxikitako aretoek automatikoki aplikauko ditue deskontuak leihatilan egindako erosketetan, eta kasu batzuetan, baita online egindakoetan Be. Kanpainea gaur, hilak 27, hasiko da, Víctor García Leónek zuzendutako eta Borja Cobeagak idatzitako Altas Capacidades euskal produkzinoagaz.
Lehen bederatzi edizinoetan, arrakasta handia lortu dau Bidaiariak, zinemara! ekimenak, eta zine-aretoetara ikusle asko gerturatu dira sustatutako filmez disfrutatzera. 2015ean martxan jarri ebenetik, 217.000 personak baino gehiagok eskuratu dabe deskontu zuzena eta 115 filmetan aplikau da.
Aurtengo edizinoan, EZAEko zazpi bazkidek bat egin dabe kanpaineagaz; hau da, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 15 zinema-areto eta 76 pantaila. Ondoko areto honeek parte hartuko dabe: Donostiako Sade taldeko hiru zinemak (Príncipe, Antiguo Berri eta Trueba); Aretoko biak (Zugaza Durango eta Getxo Zinemak); Bilboko Golem Alhóndiga eta Multicines; Gasteizko Gorbeia eta Florida Zinemak; Errenteriako Niessen Zinemak; eta Hirutek sareko aretoak: Andoaingo Bastero kulturgunea, Zumarragako Zelai Arizti, Villabonako Gurea Antzokia, Oñatiko zinema eta Lazkaoko Areria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
