Estitxu Robles-Arangiz eta Lourdes Iriondori gorazarre
2026-03-11 08:36 MusikeaEuskal kantagintza barriaren aurrendari izan ziran.
Orain urte batzuetatik hona, Sabino Arana Fundazinoak, Bilboko Udalagaz lankidetzan, jardunaldi berezia atontzen dau urtero-urtero gerrea eta frankismo garaiko euskal kulturea gogoratzeko.
Aurten, joan dan mendeko 60ko hamarkadan, euskal herri-musikan aurrendariak izandako emakumeak gogoratu ditue, izan be, herri-musikearen barrikuntzea gizonen eskutik bakarrik etorri ez zalako.
Franck Dolosor kazetari eta dokumentalistearen eta Alex Gurrutxaga EHUko literatura irakasle eta idazlearen eskutik, Estitxu Robles-Arangiz eta Lourdes Iriondoren lan-ibilbidean adituak diranez, musikari bien ibilbide artistikoa ezagutzera emon eta euskal kulturea bizibarritu eta berpiztu eban mobimentu haren aurrendari esanguratsuenetakoen ibilbidea jorratu dabe.
Gerra Zibilaren ondoko belaunaldikoak ziran, diktadura frankistearen menpeko Euskadiko alabak eta, halan da be, askatasun-haizearen inguruan jantzan ebilen eta molde zaharrakaz hausteko gogoz egoan mundu baten alabak be: 68ko maiatzeko euskal bersinoan parte hartu eta existentzialismoan sartu ziran, bizitza publiko eta pribatuaren laikotasuna igarri eta musika-molde barriak ezagutu zituen; azken batean, modernoak izan ziran garai zaharkitu hareetan.
Aurrekoaz gan, belaunaldi bien arteko kate-maila izan ziran, gerrako belaunaldiaren eta egungoren artekoa, eta kate-maila hori ezinbestekoa da euskal musikea gaur egunzer dan ulertzeko.
Edozelan be, sekulako ekarpena egin arren, ahaztuta dagoz eta autorpena merezidu dabe:
Estitxu Robles-Arangiz
Ipar Euskal Herrian erbesteratzera behartutako familia abertzale bateko alabea, gaixotasun larri batek zapuztutako ibilbide arrakastatsua izan arren baliabide gitxi izanik, ibilbide oparoari ekin eta, Euskadin ez eze, Ameriketan be kantau eban.
Franck Dolosorrentzat Estitxuren lana aldarrikatzea ohorea da, kazetariak abeslariari buruz egindako dokumentalari esker.
Lourdes Iriondo
Xabier Lete lankide eta senarraren sona sufridu behar izan eban. 'Lete erruz gogoratzen dogu, baina Iriondo ez hainbeste, bion balioa ikaragarria izan arren, ez bakarrik musikearen ikuspegitike. Lourdes Iriondok, musika-arloan eban talentua ontzeaz batera, antzerkia eta gazte-literaturea idatzi eta testu pedagogikoak sortu zituan 60ko eta 70eko hamarkadetan oso bereizgarriak izan ziran lehen ikastoletan erabilteko.
Labur-zurrean esanda, 60ko hamarkadan euskal musikea barritu eben emakume abeslarien ekarria aldarrikatu dogu Franck Dolosor eta Alex Gurrutxaga adituen eskutik, Libe Agirre kazetariak zehaztu dauenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
