III. Dantz Point Bizkaia By BBK, Barakaldo, Sestao, Bilbo, Getxo eta Durangon
2026-05-22 08:03 MusikeaMaiatzetik irailera musika-ziklo ibiltariak geldialdia egingo dau Bizkaiko bost herritan.


Dantz Point Bizkaia by BBK musika-ziklo ibiltaria 2026an bueltauko da sendo baino sendoago hirugarren edizinoaren eskutik. Ekimenak musika elektroniko garaikidearen bidez lurraldeko leku apartekoakaz hartu-emonak izateko modu barriak proponiduten ditu, atontzaileek, Dantz plataformako kideek, laburbatu dabenezz. Plataforma hori Euskadin sortu zan eta dagoeneko musika elektronikoaren erreferente bihurtu da Estaduan zein Europan. Zikloaren aurtengo edizioak BBK Banku-Fundazioaren babesa dauka eta Bizkaiko agertoki enblematikoak bisitauko ditu barriro, maiatzetik irailera.
Lehenengo edizino biek upealako erantzuna izan ondoren, Dantz Point Bizkaia by BBK zikloak bost saio izango ditu aurten ondoko bost herrietan: Barakaldon, Sestaon, Bilbon, Durangon eta Getxon. Saio guztien helburua da musika elektroniko garaikidea, ondare historikoa eta tokian tokiko komunidadea alkarregaz lotzea, konpartidutako esperientzia kultural parebakoan, Jokin Telleriak (Dantz plataformako zuzendaria) eta Julen Iñarrak (Dantz Point-eko zuzendaria) zehaztu dabenez. BBK-ko Kultura arduradun Koldo Bilbaogaz eta Dantz Point Bizkaia by BBK 2026 edizino hartzaile izango diran herrietako udaletako ordezkariakaz batera agertu dira aurreko biak prentsaurrekoan.
Barakaldoko Zamalanda Parkeak hartuko dau programautako lehenengo saioa, maiatzaren 30ean. Zikloa irailaren 5ean amaituko baina hirugarren edizinoko azken saioa Getxoko Portu Zaharrak hartuko dau. 2025ean bezela, Dantz Point Bizkaia by BBK zikloaren Bilboko geldialdia uriko Aste Nagusian bertan izango da, eta barriro egingo da Karola garabiaren inguruko zabalgunean, hori joandako denporetako aro industrialaren eta uriaren eraldaketearen ikurra baita. Era berean, garagarrilean, Sestaoko Labe Garaia Parkean (Bizkaiko ondare industrialaren leku nabarmena) beste saio bat izango da. Gauza bera jazoko da, irailean, Durangoko Tabira Parkean.
Dantz Point 2019an sortu zan, balio historiko, industrial, arkitektoniko, natural edota sozial handiko lekuak dinamizetako asmoz, edozeinentzako dobako proposamen artistikoen bidez, musika elektronikoa ardatz hartuta. 2024an, ekimena BBKren eskutik heldu zan Bizkaira, eta bertan ezarri da zikloaren hartzaile diran herrietako udalen, kultur taldeen eta tokiko eragileen laguntzari esker. Holan bakarrik landu geinkez berariazko esperientziak, aukeratutako leku bakotxaren berezko nortasunagaz, bertan bizi dan komunidadeagaz eta bertako musika-eszeneagaz benetako loturea dabenak, adierazo dabe Telleriak eta Iñarrak.
Ondokoak izango dira Dantz Point Bizkaia by BBK zikloaren hirugarren edizinoko egunak eta agertokiak:
Maiatzaren 30ean – Barakaldo (Zamalanda Parkea): Dantz Point lehen aldiz helduko da Barakaldora, bertako Oso Txarto kolektiboagaz batera egindako programazinoaren eskutik. Zamalanda Parkea, uri-eraldaketeagaz loturiko agertokia, soinu musikal garaikideakaz girotuko dan topagune bihurtuko da.
Garagarrilaren 4an – Sestao (Labe Garaia Parkea): Bizkaiko ondare industrialaren ikur nagusietakoa danak musika elektronikoaren esperientzia hartuko dau berriro. Programazinoa Err.itmo kolektiboagaz lankidetzan jorratuko da.
Aste Nagusia – Bilbo (Karola Garabia): Bilboko Aste Nagusiaren barruan, Dantz Point Bilbora bueltauko da, jaondako aro industrialaren eta uriaren eraldaketearen ikur dan Karola Garabiaren zabalgunean egingo dan musika-saio baten eskutik.
Irailaren 4an – Durango (Tabira Parkea): Dantz Point-ek herriko kultura eta ondare-nortasunari lotutako leku hori dinamizauko dau, bertoko Dark Box kolektiboagaz lankidetzan, herriko sortze-ehunagazko loturea indartuta.
Irailaren 5ean – Getxo (Portu Zaharra): Igazko edizinoko onarpen zabalaren ondoren, zikloa Portu Zaharrera bueltauko da, Key Collective-ren laguntzeagaz, txoko horren itsas nortasun nabarmena bereizgarri izanda.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
