Eguibar, Arrietta eta Romero Neguko Joko Olinpikoetan izango dira

Bizkaie! 2026-01-29 09:34   Kirola

Zezeilaren 6an, barikuan, hasiko dira Milanen.

Milan-Cortina d 'Ampezzo 2026ko Neguko Joko Olinpikoak, zezeilaren 6tik 22ra egingo dira Italiako Milan eta Cortina d' Ampezzo urietan. Halanda ze, Basque Team Fundazinoaren bekea daben hiru kirolari lehiatuko dira. 

Espainiako Batzorde Olinpikoak urtarrilaren amaieran argitaratu dau Milan-Cortina d'Ampezzora joango diran 20 kirolarien zerrendea. Horreen artean dagoz Lucas Eguibar eta Alvaro Romero snowboarder ezagunak eta Arrietta Rodriguez eskiatzaile alpinoa, hau da, estaduko partaidetza osoaren % 15. Azken Neguko Jokoen parte-hartzeari jagokonez, Beijing 2022koak, Euskal Autonomia Erkidegoko kirolari bat gehiago dago eta, gainera, emakumea da. 

Lucas Eguibar,

Milan-Cortina d 'Ampezzokoak gipuzkoarraren laugarren Jokoak izango dira, Sotxi 2014, Pyeongchang 2018 eta Beijing 2022 txapelketetan lehiatu ondoren eta Errusian eta Txinan lortutako zazpigarren postuengaitik diploma bi eskuratu eta gero. Gogoratu behar da, gainera, donostiarra Munduko txapeldun izan zala 2021ean, Munduko txapeldunorde 2017an eta Kristalezko Globoaren irabazle 2015ean Munduko Kopako sailkapen nagusian.

Alvaro Romero eta Arrietta Rodriguez

Italiako Jokoetan debuta egingo dabe maila absolutuko lehiaketa olinpikoan. Snowboarder donostiarrak brontzezko dominea irabazi eban 2020. urtean Lausanan jokatutako Gazteriaren Jokoetan. 2021eko urtarrilean irabazi eban lehen garaipena maila absolutuko FIS lasterketan. Bestalde, Munduko Kopan egin eban debuta, Reitalmeko (Austria) hitzorduan. 2023an haren lehen podiuma lortu eban Munduko Kopan, baita urrea eskuratu Passo San Pellegrinon jokatutako junior mailako Munduko Txapelketan.

Bestalde, Arrietta Rodriguez eski alpinoko emakumeen erreferentea da estadu mailan. Aurten, 23 urtegaz, sekulako denporaldia izan dau, FIS proba askotan parte hartuz eta Europan garaipenak eskuratuz. Bestalde, 2023tik Europako Kopan lehiatzen da. Lehen emakume euskalduna izango da Arrietta holako hitzorduan, Ainhoa Ibarrak lehiatu ebanetik; Calgary (1988), Albertville (1992), Lillehamer (1994) eta Naganoko (1998).

Hitzorduak

Joko Olinpikoak zezeilaren 6an, barikuan, hasiko dira. Zeremonia, Milango San Siro Estadioan egingo da, arratsaldeko 20:00etan.

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero zezeilaren 12an lehiatuko dira snowboardcrosseko sailkatze-proban eta lasterketan Livignoko egoitzan. Bestalde, Arrietta Rodriguezek eski alpinoko eslalomean parte hartuko dau zezeilaren 18an, Tofane Alpine Skiing Centren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu