Herri Kirolen Desafioa atondu dau Kirikiño Ikastoleak
2026-01-22 08:17 KirolaIbilaldia 2026 egitasmoaren barruan, urtarrilaren 25ean.
Santutxu auzoak Herri Kirolen Desafioa hartuko dau urtarrilaren 25ean, 11:00etatik 15:00etara, Kirikiño Ikastoleak Ibilaldia 2026 atontzen dabilen aurre-ekitaldien barruan. Ekimen horren bidez, Santutxu, Txurdinaga eta Otxarkoagako alkarteen arteko parte-hartzea, lankidetzea eta jai-giroa sustatu gura dira.
Jarduerea Kirikiño Ikastolea urtean zehar atontzen dabilen egitarauaren parte da, Ibilaldia 2026 prestetako bidean; eta, testuinguru horretan, Herri Kirolen Desafioak auzoak alkartzeko eta komunidadea indartzeko topagune konbertidu gura dau.
Jardunaldia Basarraten hasiko da 11:00etan, giza probakaz. Handik, kalejira batek parte-hartzaileak Kirikiño Egoitzako plazara eroango ditu, jungude-probea egiteko. Ondoren, bigarren kalejira batek ibilbidea Rikardo Bastida plazara eroango dau, lokotx-probea egiteko. Amaitzeko, kalejira alai batek Karmelo plazara gidatuko dau taldea, txingak eta sokatira probak bertan gauzatzeko; sokatirea, gainera, plaza bitan egingo da. Lehiaketea amaitutakoan, familia-argazkia egingo da parte-hartzaile guztiakaz Karmelo plazan. Sorpresatxoa be egongo da.
Parte-hartzaileei jagokenez, talde bakotxean gitxienez zortzi lagun izango dira eta 16 urtetik gorakoentzat da. Halanda be, ekimenaren helburua ez da soilik lehiatzea, baita alkarregaz ondo pasetea eta euskal kulturea erdigunean jartea be. Herri Kirolen Desafioa kirola, kulturea eta auzolana buztartzen dituan jaieguna izango da. Beraz, herritar guztiak konbidauta dagoz parte-hartzera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
