Euskadiko Euskal Pelota Federazinoak ofiziala izaten jarraituko dau
2026-01-21 08:46 KirolaJoxemari Mitxelena, Euskal Federazinoko presidentea, pozik agertu da.
KAA Kirola Arbitretako Auzitegiak bidea emon deutso Euskadiko Euskal Pelota Federazinoaren ofizialtasunari. Halanda ze, ez dau onartu Espainiako Pelota Federazinoak jarritako errekursoa aztertzea, horren inguruko araurik ez duela erabagita. Holan, auzia berre horretan geratu da, izan be, agortu egin dira beste epaitegi batzuetara joteko epea.
KAAk gogoratu dau nazinoarteko federazinoaren Ohiko Batzar Nagusiak estatutuak aldatzeko eta Euskadiko Federazinoa kide bezela sartzeko proposamena onartu ebala 2024ko abenduaren 28an Iruñean. Data horretatik aurrera, Euskal Pelota Federazinoa nazinoarteko txapelketetan parte hartzen dabil.
Horren aurrean, 2025eko urtarrilaren 28an, Espainiako Federazinoak apelazinoa aurkeztu eban KAAn, Kubako Federazinoagaz batera, nazinoarteko eta Euskadiko federazinoen kontra, batzarretan egindako akordioengaitik.
Holan, igazko abuztuaren 29an KAAk batzarra atondu eban. Ondoko honeek parte hartu eben: Euskadiko Euskal Pelota Federazinoa, Nazinoartekoa, Espainiakoa eta Kubakoa. Halanda ze, Euskal Pelota Federazinoak behin eta barriro berretsi eban tramite guztiak ondo egin zituala ofizialtasunaren bidean. Bestalde, prozesu irregularra izan zala adierazo eban Espainiako Federazinoak.
Behin betiko erabagia, urtarrilaren 30erako espero zan, baina aurreratu egin da. Holan, Euskadiko Euskal Pelota Federazinoko arduradun eta abokatuek, Abadiñon, federazinoaren egoitzan, balorazinoa egin dabe. Joxemari Mitxelenak, Euskal Federazinoko presidenteak, ondokoa adierazo dau: konforme gagoz. Pozik arrazoia emon deuskuelako, baina ez zan beharrezkoa hau guztia. Bidea gogorra izan da. Hurrengo txapelketetan lasai jokatuko dogu.
Kontuak kontu, Espainiako eta Kubako federazinoek 2.159 euroko kalte-ordaina emon beharko deutse Nazinoarteko eta Euskadiko federazinoei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
