Persona adina zugatz landatuko ditue
2026-01-12 12:26 KirolaLehen 24 orduetan mila dorsal baino gehiago emon dira.
Gaur, urtarrilak 12, eguerdian hasi da IV. Burdin Hesiko Mendi Lasterketan izena emoteko epea. Parte hartu gura dauenak www.burdinhesikomendilasterketa.com webgunean jarri beharko dau arretea, izan be, dorsalak azkar agortzen dira. Bigarren edizinoak aurreikusitako parte-hartzaile kopurua handitu behar izan eban. Hirugarrenak dorsalak agortu zituan aste batzuen buruan eta itxaron-zerrendea edegi eben. Beraz, bagilaren 20an Gamiz-Fikan egingo dan 2026ko edizinoak ikusmin handia biztu dau daborduko.
Lasterketa solidarioa
Lasterketeak kulturea, memoria historikoa, kirola, irisgarritasuna eta naturea batzen ditu, baina, batez be, lasterketa solidarioa da. Burdin Hesiko Lasterketa solidarioaren IV. edizinoko inskripzinoakaz batutako guztia Biobizkaiak gaixotasun arraro neuropediatrikoetan egindako ikerketeari laguntzeko erabiliko da, osasun arloko barrikuntza eta aurrerapen zientifikoa jorratzen dauen erreferentziako zentroaren barruan.
Probeak hiru formatu eskaintzen deutse parte hartu gura dabenei: 37 kilometroko traila, 1.700 metro baino gehiagoko desnibelagaz; 13 kilometroko traila, 500 metroko desnibelagaz; eta martxa herrikoia, 13 kilometro horreen gainean. Kirol-probeari jai-eguna gehitzen jako, urteera eta helmuga aldean egun osoan zehar iraungo dauena.
Ingurumen konpromisoa
Burdin Hesiko Mendi Lasterketeak ingurumenaren konpromisoa erakutsi dau lehenengo edizinotik, lasterketako bideak berreskuratuz. 2026tik aurrera, atonkuntzak beste pausu bat emongo dau.
Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputadua, Ana Rubio Gamiz-Fikako Udaleko alkatea, Pedro Mari Aizarna Bizkaiko Mendi Federazinoko presidentea, Josu Moreno Bizkaiko DYAko prebenzinoko zerbitzuen arduraduna, José Mari Urrutikoetxea Tallu Mendizale Kirol Klubeko presidentea eta Aitor Omar Aspiazu Aldundiko Mendi Zerbitzuko burua Burdin Hesiko Mendi Lasterketa Solidarioaren 2026. edizinoko ekintza barritzailea jorratuko dan lurretan izan dira.
Gamizmendi inguruan, Aitor Omarrek ondokoa esan dau: holako ekimenetan mendiak emoten deuskuna itzultzen dogu. Mendiaren kudeaketea funtsezkoa da aberastasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa sortzen ditu-eta. Beraz, ondo koordinau behar dira. Ekimen hau interesgarria iruditzen jaku; gainera, Udalaren jabetzakoa dan onura publikoko mendi batean dagoanez, guk jarduera horregaz lerrokatuta egon behar dogu gure aholkularitzea emoteko.
Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputaduak, ondokoa azpimarratu dau: Burdin Hesiko Mendi Lasterketa zentzu solidarioa dauen lasterketea da, baita Gamiz-Fika herri osoak parte-hartzen dauen komunidadearena be.
Ana Rubio Gamiz-Fikako alkatea harro agertu da: gure ingurua eta paisajea indartzen dogu. Eperlandak bagilaren 20ko lasterketan parte hartuko daben persona adina zugatz landatuko ditu.
Egoin enpresako Ager Legarreta be ekitaldian egon da. Kimuen prezioa ordainduko dau, garapen luzeko 1.500 espezie autoktono inguru. Beraz, haretxak, pagoak eta urkiak birlandatuko dirala aurreratu dabe.
Burdin Hesiko, Unitrail mendi lasterken zirkuituko kidea
Unitrail Espainiako mendiko proba ikonikoenak lotuko dituan zirkuitua da. Halanda ze, Espainiako traileko bederatzi lasterketa nabarmen batzen ditu paisaje ezagunenetako batzuk zehartuten dituan egutegian. Unaitrailek 18.000 euro erabiliko ditu atletak saritzeko. Bederatzi proba izango dira: Picón Castro, Trail Vielha Molieres, Cursa per Muntanya Vistabella, Desafío Urbión, Picos de la Demanda, Guara Somontano, Sobrescobio Redes Trail, Muntanyes de Prades eta Burdin Hesiko Mendi Lasterketea.
Unitrail atleta, klub, atontzaile eta lurraldeentzako topagunea da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
