Neguko Jokoei ondoetorria emon deutse
2025-12-29 08:34 KirolaBasque Team Fundazinoaren Gabonetako Galan.
Basque Team Fundazinoak kirolari asko eta asko batu zituan, enpresa eta erakunde munduko ordezkariez gan, EiTBren Bilboko egoitzako Multibox Aretoan egindako Gabonetako Galan. Halanda ze, 200 persona baino gehiago izan ziran ekitaldian.
Ekitaldia Mikel Urdangarin abeslariaren Non geratzen den denbora kantuagaz hasi zan, Alos Quartet harizko laukoteak lagunduta. Horreezaz gan, Garazi Egiguren eta Eneko Galdos jantzariek Galako ardatz izan zan mendi espedizinoaren hasiera antzeztu eben. Holan, aurtengo ekitaldiaren gai nagusia mendia da, izan be, Neguko Jokoak Milan-Cortina d 'Ampezzon izango dira, 2026ko zezeila eta martia bitartean.
Ibone Bengoetxeak, lehen lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, testuinguruaren kokapena egin eta ondoetorria emon ondoren, 2025ean nabarmendutako euskal kirolarien lana nabarmendu eban. Janire Gonzalez-Etxabarri eta Aitor Francesena surflariak, Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire ugerlariak, Anton Legorburu errugbi jokalaria eta Salma Solaun gimnastea izan ziran sarituak.
Gero, agurren txandea heldu zan. Tania Calvo txirrindulariak agur esan deutso goi mailari; beraz, haren ibilbidea autortu gura izan dabe.
Galako tarte horretan Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak fundazinotik kirolariei eskaintzen jaken zerbitzu integralak gogorarazo zituan, batez be, Laneratze proiektua azpimarratuz, etapa akademikoan eta lan-munduan sartzean kirolariak laguntzen eta aholkatzen dituana.
Agurren ondoren, Basque Teameko babesleak, Laboral Kutxak hain zuzen be, Bada beste modu bat ekimearen barruan, Getxo Kirolak erakundeari emon deutso saria: jarduera fisikoaren eta kirolaren gobernantzan dauen ikuspegi barritzaileagaitik. Amaia Agirre alkatea bertaratu zan saria jasoteko.
Esentziaren eta balioen babesa eta sustraietara itzultzea konstantea izan dira ekitaldian. Kultura eta hizkuntza sustrai horreen parte dira, eta, zentzu horretan, hizkuntza politikari eskainitako atala Matx Podcastaren momentu onenen errepasoak eta Bizkaiko txapelduna dan Aitor Etxebarriazarraga bertsolariaren ikuskizunak osotu dabe.
Galako azken blokea, espedizino batean gailurra lortzeari eta ondoren jaisteari jagokona, Milano-Cortina d'Ampezzo 2026ko Neguko Jokoei eskainia izan da. Abenduaren 14tik ETB1en ikusgai dagoan BAT To Milano dokumental saioaren trailerra eta publizidade kanpainaren iragarkia aurkeztu dira.
Gainera, Ibone Bengoetxeak datorren urteko kirol hitzordu eta erronka barriei ilusinoz aurre egingo jakela azpimarratu eban. Kirolari guztiei dei egin eutsen Basque Teamegaz batera: Euskadiko goi mailako historia idazten jarrai daitezan. Horretarako, euren herria, etxea eta sustraiak ditue lagun.
Ikusi ekitaldiaren laburpena hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
