'Bat to Milano': 2. kapitulua (Mendiko eskia)

Bizkaie! 2025-12-23 09:43   Kirola

Bidea oinordetzan, Iñigo Martinez de Albornoz.

Martinez de Albornozen umezaroan hasten da kapitulua. Haren jatorriak eta kirolak bere familian izandako garrantziak behin betiko markau deutse bidea. Aitita-amamek eta gurasoek edurretan ezagutu eben alkar. Haren amama aurrendarietako bat izan zan Euskadin eski alpinoa egiten eta aita, barriz, foka larruak sartu eta alpinotik mendiko eskira igarotako lehen eskiatzaileetako bat.

Iñigok ez ditu inoiz bere ikasketak baztertu, ezta jariakinen injineru lana be, baina azken urteotan ikusi dau mendiko eskiak gero eta indar eta leku gehiago hartu dauela bere bizitzan. 2013an nazinoartean lehiatzen hasi eta 2017an kategoria absolutura igaro zan. Kirol hau 2026ko Milan-Cortina d'Ampezzoko Jokoen programa olinpikoan sartzeak aurrera egiteko aparteko motibazinoa ekarri eutson. Azkenean ez dau nahi eban sailkapenik lortu, baina orain dala hiru urte Basque Teameko partaide bihurtu eta helburu barriakaz, prestakuntzea eta entrenamendu moduak goitik behera aldatu behar izan zituan.

Lehenengo kapitulua

Lucas Eguibar: Mina gainditu urrea bereganatzeko.

Bizitzan badira personen heldutasun mailea edo pentsamoldea aldarazoten daben jazoerak. Horixe jazo jake Lucas Eguibar eta Álvaro Romero snowboardlariei azken ziklo olinpikoan. Lucasen kasuan prozesua aspaldi hasi zan, 18 urte zituanean eta Sotxiko Jokoetan lehiatzeko prestetan ebilenean, anaiak izan eban moto-istripu larriagaz. 2024an akilesen tendoia hausi arren baliogarria izan da gauza askori buruz hausnartzeko, ikasteko eta azterketa sakona egiteko. Badakie askotan ziztu bizian joateak arrisku handiak be eragin leikezala.

Antzekoa jazo jako Alvaro Romero gazteari be, 2025ean pubisa hausi baitau Munduko Txapelketea baino lehen izandako ezbeharrean. Denporea aprobetxau dau gauza asko berregituratzeko eta denporaldiko hitzordu garrantzitsuena prestetako: Milan-Cortina d ‘Ampezzoko Jokoak. Lucasen kasuan, bere laugarren Jokoak izango dira. Dagoeneko diploma bi jaso ditu eta orain podiumeko tokirik altuenera igotea izango dau helburu, oinaze fisiko eta mental guztiak gainditzea, urre desiratua konkistetako.

2025eko Basque Team Galea
 
Ekitaldian izango dira Fundazinoko bekadun asko. Gainera, ekitaldia 2025ean nabarmenduta kirolariak eta azken urtean goi mailari agur esan deutsenak omentzeko aprobetxauko da. Milano-Cortina d’Ampezzoko 2026ko Neguko Jokoei begira, publizidade-kanpaina be aurkeztuko da.

Galan Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izango da, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariagaz eta Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko koordinatzaileagaz batera.

Galea gaur, abenduak 23, izango da arratsaldeko 19:00retan, Multibox Aretoan, EiTBko Bilboko egoitzan.






Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu