'Eraukon, Eskuaren mintzoa' filma grabetan jarraitzen dabe

Bizkaie! 2025-09-02 10:34   Zinemea

Irulegiko Eskuari buruzkoa.

Iban Toledoren eta Oroitz Zabalaren Eraukon, Eskuaren mintzoa film-dokumentala grabetan jarraitzen dabe, uda honetan Irulegiko indusketetan (Aranguren Ibarra) izan ondoren; bertan topau zan (Iruñetik 15 kilometrora) Irulegiko Eskua. Frantzian, Erresuma Batuan, Madrilen, Bartzelonan eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako hainbat tokitan (Tolosa, Irurita, Gaztelu, Bujanda, Iruñea eta Gasteiz) urtebetez grabau ondoren, zemendian amaitzea aurreikusi dabe.

2.000 urte baino gehiago dituan brontzezko pieza horrek 40 zeinuko testua dauka. Europako hizkuntza isolatu bakarra dan euskerearen aitzindaria izan daiteke. Berba horreen guztien artean, batek bereganatzen dau arreta guztia: sorioneku (zorion). Halanda be, dauela gitxi egindako ikerketa bati esker, aditz bat topau ahal izan da idazkunaren amaieran. Eraukon terminoa da, eradun aditzeagaz zerikusia izan leikeena (euskeraz emon, eskaini edo entregau). Eraukon, Eskuaren mintzoa film-dokumentalak euskerearen jatorriaren inguruko misterioa argitu nahi dau.

Eraukon, Eskuaren mintzoa Labrit Multimedia, On Produkzioak eta Les Valseurs produkzino-etxeen arteko nazinoarteko koprodukzinoa da, Aranzadi Zientzia Alkarteagaz lankidetzan. Parte-hartzen dabe, era berean, EITBk, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzeak, NAEN euroeskualdeak (Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa) eta Tolosako eta Oiartzungo udalek.

Iban Toledo zuzendarikideak adierazoten dau: Irulegi Eskuaren deskubrimendua, topakuntza soila izateaz harago, gure nortasun eta kulturearen ikur da, euskaldunok teoria askoren kontra herri alfabetatua ginala frogau dau eta euskerea, orain ez asko, kanpotik etorritako hizkuntza eutson beste zenbait teoria alde batera ixten ditu. Espero produkzinoan dabilen dokumental honek Irulegiko Eskuak merezi eta euskal herritarrongan biztu dauen interesaren mailan egotea.

Oroitz Zabala zuzendariaren berbetan: filmaketak 3 urtez eroan deusku Arangurengo arkeologia-aztarnategitik Europako hainbat lekutara, aditu handiek lagunduta, parekorik ez dauen topakuntza baten misterioaren arrastoari jarraitzeko: Irulegiko Eskua. Zirraragarria da grabetea brontzezko objektu txiki hori zelan berridazten dabilen euskerearen historia eta, horregaz batera, gure kulturearen eta sustraien historia. Posible da euskerea Europa osoko hizkuntza bizi zaharrena izatea.

Iban Toledo (Bolante baten historia) eta Oroitz Zabala (Inasa: Irurtzungo langileon indarra eta arnasa) dira Eraukon, eskuaren mintzoa film-dokumentalaren zuzendariak, eta Aitzol Barandiaran gidoilaria (Herri txiki infernu handi). Iban Toledok bere gain hartu dau, era berean, argazkigintzearen zuzendaritzea. Amaia Arrieta da (Aupa Etxebeste!, Un lugar en el cine) produktore ejekutiboa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu