4.000 filmetik gora lehiatuko dira Zinebin

Bizkaie! 2025-05-19 08:37   Zinemea

Jaialdia zemendiaren 21etik 28ra izango da.

Bilboko Udalak atondutako Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia zemendiaren 21etik 28ra izango da.

Zinebik Sail Ofiziala-Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketarako, fikzinoko, animazinoko eta dokumentaleko filmak onartzen ditu, gehienez be 30 minutukoak eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera produzidutakoak.

Arduradunak eta hautaketa batzordeko kideak hurrengo asteetan hasiko dira jasotako film laburrak ikusten. Deialdia zarratzeko hilebete pasatxo falta danean, Zinebik 4.000 film baino gehiago jaso ditu. Halanda ze, atontzaileek hilebete aurreratu behar izan dabe izena emoteko epea. Holan, bagilaren 20ra arte egongo da edegita.

Aurtongo edizinoan Zinebik haren programazinoa berregituratu eta ez dau opera primako film luzeen lehiaketarako (ZIFF – First Film) deialdirik egingo, ahaleginak film laburren lehiaketea indartzeko eta programazino mueta barriak finkatzeko jarriz.

Sariak

Zinebi Sari Nagusia 7.000 eurotik 8.000 eurora igon da, 17 urtez eguneratu gabe egon ondoren. Euskal produkzinoari lotutako sariak be indartu dira Bertoko Begiradak sailean. Bertoko Begiradak atalak EITB Publikoaren Saria eta Gazte Epaimahaiaren Saria hartuko ditu, eta bertan, lehenengo aldiz (H) emen Zinebi Saria emango jake begirada feministei, (H) emen Alkarteagaz lankidetzan.

Nazinoarteko Epaimahaiak ondoko sari honeek emongo ditu:

  • Zinebi Sari Nagusia (8.000 euro). Sail Ofizialeko film labur guztiak lehiatuko dira.
  • Euskal Film Labur Onenaren Saria (6.000 euro), Euskal Autonomia Erkidegoan produzidutako eta Sail Ofizialean hautatutako film laburretarako.
  • Espainiako Film Labur Onenaren Saria (6.000 euro), Estaduan produzidutako eta Sail Ofizialean parte hartzen daben film laburretarako.
  • Dokumental Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro).
  • Fikzinoko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro).
  • Animazinoko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro).

Ganera, ondoko sari honeek be emongo dira:

  • EITB Publikoaren Saria (3.000 euro), Bertoko Begiradak sailean eta Sail Ofizialean proiektautako 30 minutu baino gitxiagoko euskal film guztien artean bozkatzeagaitik.
  • Gazte Epaimahaiaren Saria (2.000 euro), zinema-fakultade eta eskoletako ikasleek euskal film laburrei emondakoa (Bertoko saila).
  • (H)emen Zinebi Saria (2.000 euro) begirada feministei, Zinemaldiko zuzendaritzak izentautako epaimahai batek erabagita.
  • Zinema Klubaren FAS Saria Zuzendaritza Onenari (2.000 euro), Nazinoarteko Lehiaketako film labur batentzat.
  • Unicef Saria, Unicef Euskadiko ordezkariek Nazinoarteko Lehiaketako film bati emondakoa.

Nazinoarteko egiaztapenak eta autorpenak

Zinebi Hollywoodeko Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak Oscar sarietarako jaialdi kalifikatzaile bezela akreditau da. Goya sarietarako eta BAFTA britainiarretarako akreditazinoa be badau.

Ganera, European Film Awards (EFA) sarietarako hautagai dan film labur bat urtero aukeratzen daben Europako lehiaketen zerrendan dagozan Estaduko jaialdietako bietako bat da: 67. edizio horretako Nazinoarteko Epaimahaiak, Sail Ofizialeko parte-hartzaileen artean, Europako Film Labur Onenaren 2026ko EFA Sarirako hautagai dan film bat aukeratuko dau. Aurreko edizinoan, The Eggregores Theory (Andrea Gatopoulos, 2024) produkzino italiarra izan zan aukeratua, eta, ganera, Zinebi Sari Nagusia irabazi eban.

1974tik, Zinebi Zinema Produktoreen Alkarteen Nazinoarteko Federazinoak (FIAPF) film labur eta dokumentaletan espezializautako jaialdi bezela akreditau dau. Gaur egun, sari esklusibo hori Europako beste lau lehiaketa ezagunakaz partekatzen dau: Oberhausen (Alemania), Tampere (Finlandia), Krakovia (Polonia) eta Clermont-Ferrand (Frantzia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu