Zinebi Express martiaren 27tik 30era izango da

Bizkaie! 2025-03-26 08:38   Zinemea

Sormenaren arloko gai zehatz bat proponiduko jake talde parte-hartzaileei.

Bilboko Udalak atontzen dauen ZINEBI Jaialdiak bultzatutako film laburren lehiaketeak zinema-eskola eta fakultadeetako gazteei zuzendutako aurtengo deialdia dakar. Martiaren 27tik 30era bitartean izango da eta parte-hartzaileek 72 ordu izango ditue sormenaren gaiaren inguruan 3 minutu arteko piezak filmetako.

ZINEBI-Nazinoarteko Dokumentalen eta Film Laburren Zine Jaialdiak, Bilboko Udalak atondutakoa, ZINEBI Express film laburren lehiaketearen udabarriko edizinoa egingo dau lehenengoz, zinema-eskoletako eta fakultadeetako gazteei zuzendutako deialdiagaz. Deialdi horretan, 72 ordutan 3 minutura arteko film labur bat asmau, filmau eta montetako desafioa beregain hartzeko prest egon beharko dabe.

Helburuak dira produkzinoa aktibetea, talde-lana sustatzea eta ikaskuntzea bultzatzea, sormenerako espazioa eskainiz, ikus-entzunezko forma, idea eta lengoaiakaz esperimentetako.

Sariak emoteko gala berezia Arriaga Antzokian izango da, datorren 67. ZINEBIren programazinoaren barruan, zemendiaren amaieran. Zinematografiaren arloko profesionalek osotuko dabe epaimahaia.

Izen-emotea doban da eta gaia aurkezteko ekitaldian egingo da. Datorren eguenean, martiaren 27an, izango da 13:00ean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan.

Beste alde batetik, Carlos Juarez zinegile eta EPE-IBAIA Euskal Produktoreen Alkarteko presidenteordeak ikus-entzunezko industrian lan egiteko aukerak jorratuko ditu; eta Nere Falagan zinemagileak eta Esto no es Hollywood dokumentalaren zuzendariak bere dokumental arrakastatsua martxan jarteko bizitako esperientziaz egingo dau berba.

Zinebi Express Bilboko Udalak atodu dau, IDOMen babesari esker eta Euskal Herriko Unibersidadearen lankidetzeagaz. Bai deialdi honen gai-eremua, bai udagoieneko edizinoarena, Sormena eta Ingurumena ardatz hartuta, hurranez hurran, Bilboko Balioen Agiriaren parte dira. Dokumentu horrek ondoizate kolektiboa bultzatu eta uriaren etorkizuneko garapena bideratzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu