ETSk kontzertua emongo dau Madrilgo Movistar Arenan
2025-03-24 09:19 Musikea2026ko apirilaren 25ean, sarrerak hemen.

Euskal musikean mugarri dan En Tol Sarmiento (ETS) taldeak historia egiten jarraituko dau. Asteburu ahaztuezin honetan, Bizkaia Arena (BEC) aretoa bete dabe 45.000 lagunekaz. Orain, Bihotzen Konkista iragarri dabe, kontzertua Madrilen, Movistar Arena aretoan, 2026ko apirilaren 25ean.
Plataforma digitaletan erreprodukzino gehien dituan eta komunidade gero eta handigoa dauen euskal taldeak, erronka kolektiboa planteatzera dator: euskal musikearen eta euskal kulturearen 16.000 zaleekaz Movistar Arena betetzea.
Bihotzen Konkista kontzertu bat baino askoz gehiago izango da. ETSk herriko jaietako espiritua eroan nahi dau Madrilera, bandearen ibilbidea definidu dauen zuzeneko musikearen funtsa, hain zuzen be. Horregaitik, parte-hartzaile ugari izango dira ekitaldian, esaterako bertsolariak, abesbatzak, txarangak, euskal jantza-taldeak eta kolaborazino bereziak, guztien artean euskal kulturearen eta nortasunaren ekitaldi handia egiteko Estaduan.
Hori da ETSk haren publikoari egiten deutson erronkea: sekula ikusi gabeko abenturea alkarrekaz egitea eta Madrilgo kontzertua ekitaldi errepikatuezin bihurtzea. Ganera, euskerearen presentzia agertoki barrietan indartzeko aukera historikoa be bada.
ETSkoen berbetan: gure mugetatik harago historia egiteko unea da. Gure herrietako jaiak Madrilera eroatea eta aretoa betetzea sekulako erronkea da, baina badakigu zaleak harrituta geratuko dirala, betiko lez. Zorionekoak gara. Garena ospatzeko eta etxean doguna arabere gehiago baloretako bidaia kolektiboa izango da. Ahaztuezina izango da.
ETSren Bihotzen Konkista kontzertua 2026ko apirilaren 25ean izango da, Madrilgo Movistar Arenan eta ekitaldi horretarako sarreren aurre-salmentea, gaur, martiaren 24an hasiko da, 10:00etan. Aurresalmentean izena emoteko, ondoko esteka honetan erregistrau behar da. Salmenta orokorra, barriz, martiaren 26an hasiko da, 10:00etan, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!