'Bilboko Herri Kirol Zentroa' proiektua aurkeztu dabe
2025-02-21 13:51 KirolaTxurdinagako udal-kiroldegian egongo da.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kiroleko diputaduak Bilboko Herri Kirol Zentroa aurkeztu dabe. Espazio hori Euskadiko herri-kirolen entrenamendu profesionaleko lehenengo zentroa izango da. Txurdinagako Kiroldegian egongo da. Horreezaz gan, ondoko honeek be hartu dabe parte aurkezpenean: Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotzia; Carlos Sergio, Bizkaiko Foru Aldundiko Kiroletako zuzendaria; Marcos Muro, Bilbao Kirolakeko zuzendari nagusia, eta Juan Miguel Ranero, Herri Kirolen Bizkaiko Federazinoko presidentea.
Kirol-ekipamendu barriak 846 metro koadroko azalerea izango dau. Erabilera anitzeko pista bat, komun eta aldagela egokituak, fisioterapia-gela bat, harrera-bulegoak eta gela teknikoak izango dira. Ganera, Txurdinagako udal-kiroldegirako oinezkoentzako sarbidea eta ibilgailuentzako beste bat izango ditu. Bilboko Udalak 1.367.621,50 euroko (BEZ gogoan hartuta) aurrekontua dau proiektua egiteko eta Bizkaiko Foru Aldundiak 229.675 euroko laguntzinoa emongo deutso.
Bilboko Herri Kirol Zentroaren helburua da herri-kirolak egiteko eta profesionalizetako erreferentziako zentroa izatea. Udalak gure herrialdeko eta uriko kirol estrategikoagaz dauen konpromisoa indartuko dau. Kirol horreek gure ohitura eta tradizinoei lotuta dagoz, beraz, euskal kulturearen eta nortasunaren parte dira, definidu dau Juan Mari Aburto alkateak. Obrak udabarri amaierean hasiko dira.
Bestalde, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kiroleko diputaduak adierazo dauenez, kirol-instalazino barri horregaz, kirolarien prestakuntzea eta herri-kirolen modalidadeak Bizkaiko bihotzean jarriko ditugu. Erreferentzia izango da. Ganera, Bizkaian zehar banatutako ganerako kirol-instalazinoakaz osotuko da.
Bilboko Herri Kirol Zentroak ondoko kirol eta instalazino honeek hartuko ditu: erabilera anitzeko pistea; harri-jasotea; sokatirea; trontzak; aizkorea; lasto-jasotea; lasto-botatea; ingude-jasotea; txinga-eroatea; zaku-eroatea; orga-olgetak; lokotx-batzea; komun-aldagela egokitua; fisioterapia-gelea: harrerea/bulegoa; eta gela teknikoa.
Bilboko Txirrika Herri Kirol Klubak kudeatuko dau zentroa, herri-kirolen askotariko diziplinak herritarren artean sustatzeko helburuagaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!