Yuliia Biriukova eta Yanina Kuskova, Laboral Kutxa taldera batu dira

Bizkaie! 2024-11-06 10:12   Kirola

Euskal taldeak 14 txirrindulariko multzoa dauka 2025erako.

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazinoa taldeak Yuliia Biriukova (1998, Lviv, Ukraina) eta Yanina Kuskova (2001, Uzbekistan) fitxau ditu datorren urterako. Biriukovak denporaldi baterako sinatu dau, 2025erako, eta Kuskovak, barriz, urte birako, 2025erako eta 2026rako. Euskal taldea nazinoarteko talentuagaz indartu da, WorldTourrera sartzeko hurrengo leihora begira UCIko ahalik eta puntu gehien lortzen jarraitzeko eta, holan, eredu izaten inguruko emakumezkoen kirol arloan.

Biriukovak WorldTour mailako Human Powered Health taldean emon dau azken urtea eta txirrindulari osoa da, garapenean. Hain zuzen, taldeari heldutasuna eta eskarmentua emongo deutsoz, 2019tik profesionala baita. Aurten, bigarren izan zan Almeriako Klasikoan eta erlojupeko Ukrainako Txapelketea irabazi eban, Olinpiar Jokoak eta Munduko eta Europako Txapelketak lehiatzeaz gan; 2023an, hirugarren izan zan Eibar Hiriko Sari Nagusian eta 2022an Thüringen Ladies Tour ospetsuaren etapa bat irabazi eban.

Yuliia Biriukova: "oso pozik nago Laboral Kutxan ibiliko nazelako datorren urtean. Taldea zelan hazi dan ikusi eta espero dot alkarregaz askoz gehiago egin eta lortu ahal izatea. Saio eta itzuli menditsuak ditut gustuko. Horregaitik, mendateetan dodan indarra handitzea gura neuke eta sailkapen nagusietan be ibili nahi dot.

Hamabi urtegaz hasi nintzan bizikletan ibilten. Entrenatzaile bat etorri zan nire eskolara eta ahalegintzeko interesa azaldu neban. Hasieran pistako lehiaketak baino ez nituan egiten baina 2020tik aurrera errepideko lasterketetarako preparetan saiatzea erabagi neban. 2024. urtea nahiko gogorra izan da niretzat, baina emoitza batzuk lortu ditut eta lehen Joko Olinpikoak lehiatu nituan. Zoritxarrez, ez neban lortu nahi neban guztia, baina akatsak aztertu eta lanean jarraitzeko prest nago".

Beste alde batetik, Kuskova, etorkizun handiko txirrindularia da eta taldeak maila ederra igarri deutso. Europako txirrindularitzara saltoa emongo dau Laboral Kutxaren eskutik, azken hiru denporaldietan bere herrialdeko Tashkent City Women Professional Cycling Team taldean lehiatu baita. 2024an, Asiako erlojupeko txapeldunorde izan zan eta Olinpiar Jokoak, Munduko Txapelketak, Italiako Giroa eta Frantziako Tourra lehiatu zituan.

Yanina Kuskova: nire bizitzako momenturik onenetakoa da. Oso pozik nago eta ezin dot sinistu talde honetako taldekide izango nazenik. Nire txirrindulari ibilbidean Laboral Kutxa-Euskadi Fundazinoa taldeagaz urratsa emoteko momentua zan. Denporaldi oso bat bete dot aurten eta hau da saririk onena niretzat, Laboral Kutxa taldeko kide izatea. Talde hau Kontinental mailako onenetakoa da eta mundu mailan aurrera egiten jarraitzeko leku bikaina da niretzat. Nire helburua hemen garatzea eta irabazten ikastea da. Badakit asko emon neikela eta prest nago gogor lan egiteko nire helburuak lortzeko Laboral Kutxagaz batera. Gogo handiz espero dot 2025a eta maillot morea jaztea. Eskerrik asko guztioi eta 2025eko lasterketetan ikusiko gara.

Ion Lazkano, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazinoa taldeko kirol arduradunak nabarmendu dauenez, Biriukovaren indarra azpimarratuko neuke. Oso ondo moldatzen da proba zorrotzetan, saio gorabeheratsuetan, baita erlojupekoetan be eta, beraz, sailkapen nagusietarako aukerea izan leike.

Kuskova txirrindulri osoa da, ausarta, goraka eta ordekan bikain moldatzen dela erakutsi dauena. Seguru taldeari ekarpena emongo deutsela biek, batez besteko mailea handituta, hain zuzen be.

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak 14 txirrindulariko taldea dauka 2025erako: Naia Amondarain (barritzea), Alice Maria Arzuffi (fitxaketea), Yuliia Biriukova (fitxaketea), Idoia Eraso, Arianna Fidanza (fitxaketea), Yanina Kuskova (fitxaketea), Usoa Ostolaza (luzapena), Ane Santesteban, Debora Silvestri (barritzea), Catalina Soto, Alba Teruel, Laura Tomasi, Cristina Tonetti eta Eneritz Vadillo.

Ez dabe jarraitzen: Yurani Blanco, Jessenia Meneses, Lourdes Oyarbide, Nadia Quagliotto, Marta Romeu, Aileen Schweikart eta Eri Yonamine. Kirol-egitura osoak eta Laboral Kutxa babesle nagusiak eskerrak emon nahi deutsee beren konpromisoagaitik eta egindako ekarpenagaitik, eta onena opa deutse etorkizunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu