'Emakumeak Athletic Cluben: itzaletik argira' erakusketea zabalik
2024-10-17 11:56 KirolaSan Mameseko museoaren erabilera anitzeko aretoan egongo da ikusgai 2025eko maiatzera arte.
AC Museoak Emakumeak Athletic Cluben: itzaletik argira izeneko erakusketea inaugurau dau, San Mameseko museoaren erabilera anitzeko aretoan egongo da ikusgai 2025eko maiatzera arte. Erakusketeagaz batera, Athletic Clubek Hamaika andra zurigorri dokumentala estreinau dau. Labayru Fundazinoak egin dau eta balio historiko, sozial, kirol eta emozional handiko testigantzen ikus-entzunezkoa da.
Erakusketearen inaugurazinoan eta dokumentalaren estreinaldian Nerea Ortiz, Athletic Clubeko presidenteordea; Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultura eta Kirol Foru Diputadua; Asier Arrate, AC Museoko arduraduna; eta Athletic Cluben eta dokumentalaren eta erakusketearen protagonisten ordezkari ugari izan dira, besteak beste, Jose Angel Iribar, Ana Urquijo, Eli Ibarra, Jon Ruigomez, Ana Astobieta, Itziar Muriel, Arrate Ojinaga, Begoña Oraa, Iñigo Juaristi, Marimar Boillos eta Sara Estevez.
Emakumeak Athletic Cluben: itzaletik argira erakusketeak Athletic Clubeko emakumeen bilakaera historikoa erakusten dau, arlo nagusi bi bereiziz: soziala eta kirolarena. Museo-balio handiko hainbat objekturen bidez (argazkiak, antxinako txartelak, emakumeen futboleko edo une seinalatuetako talde garrantzitsuen 37 kamiseta, garaikurrak, kartelak, sarrerak, tresneria...), erakusketak joan dan mendeko gorabeherak eta Klubaren gizarte-esparruan genero-bardintasunaren alde egindako burrukak hartzen ditu ardatz. Apurka-apurka, emakumezkoen futbolaren aitzindari handiei esker, argia zabaltzen da hamarkadaz hamarkada, emakumezkoen lehen taldea sortu eta sendotu arte. Athletic Club historian zehar handiago egiten lagundu daben emakume aitzindari guztien autorpena eta omenaldia be bada bilduma hau.
AC Museoak eskerrak emon nahi deutsee Emakumeak Athletic Cluben: itzaletik argira erakusketan parte hartu daben persona eta erakunde guztiei, euren babesik barik, ez zalakao posible izango museo-balio handiko objektuen bilduma bat batzea.
AC Museoak Hamaika andra zurigorri dokumentala estreinau dau
Athletic Clubek Hamaika andra zurigorri izeneko dokumentala estreinau dau San Mameseko Ipar Aretoan. Testigantzen ikus-entzunezkoa da, Labayru Fundazinoak, Athletic Club Fundazinoak eta AC Museoagaz lankidetzan egina eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker, historia zuri-gorrian garrantzitsuak diran emakumeen talde bat (ehunka ordezkatzen dituan hamaikako bat) protagonista dauena, bai gizarte arloan, bai kirol arloan be.
Labayruko Akaitze Kamiruagak honako honeek alkarrizketatu ditu erreportajerako: Ana Astobieta, Mari Mar Boillos, Ane Elexpuru, Ernestina Dosantos, Sara Estevez, Lore Etxebarria, Pura Fernandez, Begoña Gonzalez, Eli Ibarra, Mª Angeles Ibarrolaza, Jose Angel Iribar, Maria Jesus Irureta, Iraia Iturregi, Iñigo Juaristi, Inma Legarreta, Ana Lekuona, Vicky Martinez, Ana Mari Mendizabal, Itziar Muriel, Garazi Murua, Arrate Ojinaga, Nerea Onaindia, Begoña Oraa, Paula Oraa, Nerea Ortiz, Marie Elena Ouro, Marieli Oviedo, Argi Portero, Ana Reka, Edurne Salsamendi, Inma Sanchez, Garazi Unibaso, Ana Urquijo eta Ernesto Valverde. Beraz, joandakoak fidagarritasunez berreregiteko hain beharrezkoa dan ahozko gomutak hilezkor bihurtzen dira, eta batez be, emakumeagaz hartu-monak baditu, hainbat aldiz ondare materialetik kanpo baitago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!