Nahia Zudaire ugerlariak bere bigarren diplomea irabazi dau
2024-09-06 07:56 KirolaBular estiloko 100 metroko S7 proban, hain zuzen be.
Ugerketan Basque Teameko Nahia Zudairek bere bigarren diplomea irabazi dau, oraingoan laugarren izan da bular estiloko S7 100 metrokoan, 1:33.48 denporea ezarriz, Mariia Pavlova irabazlearengandik 7.39ra. Iona Winnifrith britainiarrak eta Tess Routliffe kanadarrak osotu dabe podiuma. Sailkatze lasterketan, serieko bigarren denporarik onena egin dau La Defense Arenan, txanda bitako laugarren onena. Markea 1:36.91n izan da, Mariaa Pavlovarengandik 5.66ra. Hau be goizeko azkarrena izan da. Nahiak brontzea irabazi eban Manchesterreko Munduko Txapelketan eta brontzea aurtengo Funchaleko Europako Txapelketan, proba honetan. Halan da be, gaurko hitzorduaren zailtasuna kontuan hartuta, pozik amaitu dau egindako lanagaz.
Gizonezkoen S13 bular estiloko 100 metrokoan Ivan Salguerok ezin izan dau finalerako txartela lortu, 12. postuan amaitu baitau goizeko sailkapena.
Erruberadun jarlekuko aulkiko saskibaloia
Agurtzane Egiluz, Naiara Rodriguez, Laura Ugarte eta Bea Zudairek ezin izan dabe Alemania gainditu (51-45) eta zazpigarren izateko lehiatuko dira Japoniaren kotra. Holanda indartsuaren kontra partidu ona jokatu ondoren, Frantziako uriburuan lehen garaipena lortu nahi eban taldeak eta Tokion baino posizino hobea ziurtatu, orain hiru urte zortzigarren izan baitzan. Orain, ostera, Alemaniak irabazi dau, norgehiagoka nahiko parekatu baten ostean.
Arku-tiroa
Guillaume Toucoulletek ezin izan dau lehen kanporaketea igaro final zortzirenetako saioan, arku errekurbo edo tradizionaleko binakako lehiaketa mistoan. Aziza Benhamiregaz bikotea eginez, Baionako kirolariak 0-6 galdu dau Milena Olszewska eta Lukasz Ciszek bikote poloniarraren kontra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!