Ander Cepas mahai-teniseko jokalariak brontzezko dominea irabazi dau Parisen
2024-09-05 08:39 KirolaFinal-laurenetako partiduan Ivan Mai ukrainarrari hiru setetan irabazita.
Donostiarra kapaz izan da Jorge Cardonagaz batera binakako partiduan jasotako porrot mingarriari bueltea emoteko eta banakako bere lehen partidu bietan aurrera egiteko. Anderrek irabazi dau lehenengo eta normalean gainditzen ez dauen aurkari baten kontra. Lehen partziala 3-11 amaitu arren bigarren jokoa gogorragoa izan da. Maik erantzun sendoa emon deutse gipuzkoarrak egin dituan eraso guztiei, 10-12koa behartu dabelarik azkenean. Hirugarren jokoan, Cepasek 7-11 irabazi dau. Ezin izan dau ebitau pozez salto egitea bere entrenatzailea besarkatzean bere lehen Jokoetan gitxienez hirugarren metala ziurtatu dauela jakitun.
Cepasek Parisera joandako Basque Teameko komunikazino taldeari esan deutso Jokoen hasiereak ezustean atrapau ebala. Maila honetako partiduetako giroan, presinoa be sekulakoa izaten da baina egoereari bueltea emoteko eta banakako lehiaketan urduritasuna leuntzen jakiteko kapaz izan da. Kontuak kontu, zapatuan, irailaren 7an, finalerdia jokatuko dau 10:00etan eta gainditzen badau, S9 klaseko finalean sartuko da 17:00etan.
Errepideko txirrindularitzea
Euskal kirolariek domina zaparradea jaso dute Clichy-sous-Bois inguruan dagoan 28,4 kilometroko zirkuituan. Heïdi Gaugain izan da goiztiarrena eta 20:26.84ko denporeagaz Sarah Storey C5 klaseko irabazlearengandik 4.69ra helmugaratu da. Klase berean baina gizonezkoen proban Iparraldean bizi arren Dorian Foulon bretoia hirugarren izan da, 36:49.84ko denporeagaz, Daniel Abraham Gebru holandarraren eta Alistair Donohoe australiarraren ondoren. Bestalde, C3 klasean, Eduardo Santasek indarrak bikain kudeatu ditu eta boteretsu amaitu dau, zidarra zintzilikatuz. Bosgarren postutik bigarrenera egin dau aurrera, lasterketako bigarren zati handi bategaz eta dominea irabazi dau.
Ugurgetea
Nahia Zudairek, Iñigo Llopisek eta Ivan Salguerok diploma bana irabazi dabe. Zubietako kirolaria oso pozik geratu da 400 metro libreetako finalean denporaldiko markarik onena lortu dauelako. 5: 05.46 denporeagaz zazpigarrena izan da. Iñigo Llopisek be diploma bat irabazi dau 400 metro libreko S8 finalean, zortzigarrena izanik 4:37.29ko denoreagaz. Ivan Salguerok euskal ugerlarien jarduna osotu dau gaur estilo libreko S12ko 100 metrokoan eta 54.65eko denporea ezarriz zortzigarren amaitu eta markeagaz oso pozik geratu ez dan arren, bigarren diplomea eskuratu dau Joko honeetan.
Errubera-jarlekuko saskibaloia
Asier Garciaren taldeak 74-78 galdu dau Australiaren kontra bosgarren posturako lehian. Barikuan barriro lehiatu beharko dau, azkenean zazpigarren edo zortzigarren postuan geratzen dan jakiteko. Emakumezkoen koadroan, barriz, Agurtzane Egiluz, Laura Ugarte, Naiara Rodriguez eta Betariz Zudaireren taldeak 61 eta 43 galdu dabe final-laurenetako neurketan. Bihar barriro jokatu beharko dabe bosgarren postua irabazi ala ez jakiteko.
Tiroa
Fernando Michelena hamargarren izan da R9- 22 kalibreko errifleko 50 metrokoa proba mistoan, finalean sartzeko postu bitara geratuz. Gipuzkoarrak 620.7ko markea lortu dau, serieko onena izan dan Justine Beve frantziarraren 626.7ren aurrean eta Dragan Ristic serbiarraren 621.4ren aurrean. Finalera pasautako azken kirolaria izan da Ristic.
Arku-tiroa
Guillaume Toucoullet Iparraldeko kirolariak ezin izan dau sailkatze jardunaldian erakutsitako sensazino onakaz jarraitu. Bertan Paralinpiar Jokoetako errekorra hausi arren baina ezin izan dau lehen kanporaketea gainditu, Hector Julio Ramirez kolonbiarraren kontra arku errekurbatuko final-zortzirenetan galduz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!