Pariseko Paralinpiar Jokoek azken hamarkadetako euskal kirolarien ordezkaritza handiena izango dabe

Bizkaie! 2024-08-27 09:59   Kirola

Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko 13 kirolari lehiatuko dira.

Joko Paralinpikoetan Euskal Autonomia Erkidegoak atleten ordezkaritza handia izaten jarraituko dau, izan be, Parisera azken hamarkadetako talderik handienetako bat joango da, 13 kirolari hain zuzen be.

Euskadiko jaiotza-tasearen jaitsiereagatik hitzordu olinpikoetan eta paralinpikoetan goi-mailako kirolarien kopuruak behera egingo ebala emoten eban, izan be, Rio de Janeiroko hitzorduan, Paralinpiar Jokoetan lau euskal kirolari baino ez ziran lehiatu. Halanda be, aurtengo kopuruak (13) 2008ko Beijingeko (11), 2012ko Londresko (5), 2016ko Rio de Janeiroko (4) eta 2021eko Tokioko (9) parte-hartzaileak gainditu ditu.

2024ko Parisko Joko Paralinpikoetarako Estaduan sailkatutako 150 kirolarietatik, euskaldunak % 8,66 dira, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak Estadukoakaz alderatuta osotzen dan % 4,6ko biztanle-ratioa gaindituz.

Nabarmendu behar da Basque Team Fundazinoak eta Kirol Egokituaren Euskal Federazinoak ahalegin handia egin dabela azken ziklo bietan jorratutako bikaintasun-proiektuaren bidez, joeren aldaketea bultzatzeko eta Joko Paralinpikoetan parte-hartze handiagoa lortzeko. Euskadi da esparru biotan daturik onenak dituan Autonomia Erkidegoa: egindako inbersinoari jagokonez, kirolari gehien sailkatzen dituana da, baita lizentzien kopuruari jagokonez be.

Emakumeen parte-hartzeari jagokonez, asko begin dau gora 2021eko Tokioren aldean. Covid-19ak eragindako pandemiagatik atzeratutako Jokoetan, bederatzi parte-hartzaileetatik sei gizonezkoak izan ziran (% 66,66) eta hiru emakumezkoak (% 33,33). Paris 2024koak izango dira kirolariei jagokonez parekotasun osoz egingo diran historiako lehen Jokoak, eta oso azpimarragarria da Euskal Autonomia Erkidegoak jasotako hobekuntzea, izan be, goi mailako kirolean, eta Parisko Joko Paralinpikoetan, emakumeen kopuruak nabarmen egin dau gora. Erkidegoko 13 parte-hartzaileetatik sei emakumeak izango dira (% 46,15) eta zazpi gizonak (% 53,38).

Lurraldeka egindako banaketan, Gipuzkoak eta Bizkaiak kirolari kopuru bera izango dabe, bost (% 38,46), eta Arabak hiru (% 23,07).

Gurpil-aulkiko saskibaloia da lehiakide gehien dituan kirola, lau, eta zifra oso esanguratsua da emakumezkoen estaduko selekzinoaren kasuan, Arabak hiru jokalariren ekarpena egiten dauela. Aulkiko saskibaloiaren atzetik ugerketea dator, bertan, hiru kirolari izango dira. Mahai-tenisak bi izango ditu, eta tiroak, sprint piraguismoak, bocciak eta triatloiak ordezkari bana izango dabe kasu bakotxean.
 
Inaugurazino ekitaldia abuztuaren 28an egingo da, estadio tradizional baten mugetatik harago: La Place de la Concorde eta Eliseo Zelaiak izango dira ospakizun barritzaile horreen eszenatoki Pariseko bihotzean. Bertan 184 delegazinok eta 6.000 atleta eta teknikari inguruk parte hartuko dabe. Lehiaketea hurrengo egunean hasiko da, abuztuaren 29an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu