Euskadiko Orkestrak 'Carmen' operan parte hartuko dau
2024-08-06 10:55 MusikeaDonostiako Musika Hamabostaldiaren barruan.
Azken egunotan, Georges Bizeten lan famatuaren probetan dagoz Euskadiko Orkestrako musikariak. Kontzertuak, Kursaalen izango dira Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, abuztuaren 8an eta 10ean hain zuzen be. Horreezaz gan, Euskadiko Orkestrak beste kontzertu bat emongo dau abuztuaren 14an, Senperen, Musika Aitzaki zikloaren barruan eta kontzertu sinfoniko-korala Donostiako Orfeoiagaz, abuztuaren 23an, Kursaalen.
Lehenengo emonaldia, Bizetek sortutako Carmen ospetsuaren barrirakurketea izango da, Emilio Lópezek sinatutakoa. Euskadiko Orkestra zulogunetik ibiliko da José Miguel Pérez-Sierraren musika-zuzendaritzapean. Rihab Chaieb tunisiar-kanadar mezzosopranoa (Carmen) eta Dmytro Popov ukrainar tenorea (Don José) izango dira bakarlariak eta, horreekaz batera, Miren Urbieta-Vegak (Micaela), Simón Orfilak (Escamillo), Marifé Nogalesek (Mercedes), Helena Orcoyenek (Frasquita), José Manuel Díazek (Dancaire), Juan Laboreríak (Morales), Mikel Zabalak (Zúñiga) eta Aitor Garitanok (Remendado) egongo dira. Pasarte koralak Easo Abesbatzaren esku izango dira.
Horreezaz gan, Euskadiko Orkestra Hamabostaldiko beste hitzordu garrantzitsu baterako be badabiz probak egiten. Kontzertua, abuztuaren 23an (20:00) izango da, Kursaalean. Beraz, Euskadiko Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak kontzertu sinfoniko-korala eskainiko dabe Jérémie Rhorrer zuzendari frantsesaren eskutik. Kontzertuaren muina Missa Solemnis izango da, Beethovenen lan koral nagusia. Horreekaz batera, Chen Reiss, Victoria Karkacheva, Maximilian Schmitt eta Hanno Müller-Brachmann bakarlariak izango dira.
Operearen eta kontzertu sinfonikoaren artean, Euskadiko Orkestrak beste hitzordu bat izango dau Senperen, abuztuaren 14an, Musika Aitzaki zikloaren barruan. Alexandre Da Costa kontzertino eta zuzendari ibiliko da, Aita Donostiaren, Williamsen, Chiasson-Da Costaren eta Beethovenen lanekaz.
Musika Hamabostaldia jaialdiaz gan, kontzertuak egingo ditu Lekeition, abuztuaren 16an eta Bergaran, irailaren 6an. Lekeition, Senpereko errepertorioa eskainiko da eta Alexandre Da Costa izango dabe zeremonia-maisu. Bergaran, barriz, programea Mozart eta Schuberten lanek osotuko dabe eta Martin Funda izango da kontzertino eta zuzendari.
Abuztuaren amaieran, Euskadiko Orkestrak Richard Straussen lanen grabazino diskografikoa egingo dau Ondine zigiluagaz, izan be, orkestrak ez ditu egile alemanaren lanak erregistrau orain arte. Partitura handi eta ospetsu bi izango dira: Macbeth, poema sinfonikoa eta Sinfonia domestikoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!