Nadia Erostarbe eta Joan Duru hirugarren kanporaketara pasau dira

Bizkaie! 2024-07-29 10:01   Kirola

Andy Crierek eta Janire Gonzalez-Etxabarrik ez dabe suberterik izan.

Nadia Erostarbe. Argazkia: @isasurfing | Ikusi handiago | Argazki originala

Nadia Erostarbe surflariak irabazi dau Tahitin jokatutako lehen kanporaketako zazpigarren txandea (13.83) eta hurrengo fasera zuzenean doa. Erostarbek atzean itxi ditu Saffi Vette zeelandabarritarra (7.50) eta Yang Siqi txinatarra (5.40). Joan Duru surflari baionarrak be zuzenean egin dau aurrera hirugarren kanporaketara, lehen fasean Jack Robinson eta Matthew McGillivray gainditu baitzituan.

Andy Crierek eta Janire Gonzalez-Etxabarrik ez dabe suberterik izan; Zumaiakoak, Sol Aguirre perutarragaz batera, bigarren kanporaketan lehiatu beharko dau, Vahine Fierro frantziarrak biak gainditu ondoren. Andy Crierek, seigarren txandan, 12.00ko puntuazinoagaz hirugarren izan zan (8.50+3.50).

Boxeoa

Oier Ibarretxe Galdakaoko boxeolariak azken aurreolinpikoan lortu eban Pariserako txartela, baina badaki bere benetako ziklo olinpikoa Los Angeles 2028koa dala. Frantzian egoteko aukerea nahi eban eta ez eutson uko egin. Harentzat Joko Olinpikoetan egotea saria zan. 63,5 kiloko kategorian Bazarbay Mukhammedsabyr kazakhstandarraren kontra galtzea tokau jako, arerio gogorra eta burruka oso fisikoa egin eban. Oier bere estiloari eutsiz ekin eutson, mobidu eta kontraerasoa egin eban. Huts gitxi egon ziran eta kazakhstandarra zehatza izan zan, bost kartulinetan garaipena poltsikoratu eban. Oier ausarta izan zan, baina lau kartoietan 2-0 joian eta ezin izan eban markagailua irauli.

Arraunlaritzea

Getxon bizi dan Esther Briz aragoitarrak laugarren postuan amaitu dau Aina Cidegaz batera lemazainik bako biko sailkapen estropadan. 7:24.09ko denporeagaz euren txandako azkenak izan dira, Australia, Grezia eta Txileko ontzien atzetik. Gaur, garagarrilak 29, bigarren aukerakoa jokatu beharko dabe.

Ur-poloa

Alberto Munarrizen selekzinoak gaur goizean ekin deutso dominea irabazteko bideari. 1996ko Atlantako titulu olinpikotik igeska dabil podiuma. Australiaren kontra David Martinen taldeari hasieran kosta egin jako aldea hartzea markagailuan Paris 2024ko Centro Acuatican debuta egitean, baina lau goleko aldeaz jipoitu dabe gaur goizean arerioa, 5-9, horreetako hiru gol Alberto Munarrizek eginda.

Judoa

Ariane Torok, Yolanda Soler Atlanta 96ko brontze olinpikoko dominadunaren eta Jose Toro olinpikoaren alabeak debuta egin dau Mongolia Sosorbaram Lkhagvasuren judokearen kontra. Bere izena Joko honeen ezustekoa izan daiteke: 21 urtegaz podiumera igon dau 2024ko lehiaketa gehienetan baina 52 kiloko kategorian, kirolariaren ames olinpikoak minutu bi eta 43 segundo iraun ditu, nafarren arerioak ippon bat egiteko behar izan dauen denporea (Kuzure-kami-shiho-gatame).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu