Zinegoak Sari Nagusia Tzeli Hadjidimitriou zuzendariaren 'Lesvia' lanak irabazi dau

Bizkaie! 2024-07-02 08:05   Zinemea

Memoria lesbikoa eta ultraeskuinari erresistentzia, aurtengo sarietan protagonista.



Bilboko LGTBIQ+ 21. Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, Zinegoakek, edizio honetako sariak iragarri ditu bart, Bilborock Aretoan egindako zarratze ekitaldian. Memoria lesbikoak eta ultraeskuinari erresistentzia izan dira palmaresaren protagonistak. EITBk 4000 eurogaz babesten dauen Zinegoak Sari Nagusia, barriz, Tzeli Hadjidimitriou zuzendariaren Lesvia lanak irabazi dau. Epaimahaiak ondokoa balorau dau: dokumental hau beharrezkoa da bizikidetzea indartzeko eta jente arruntari ahotsa emoteko. Ez ahaztuteko urte luzez lesbianismoak ez dauela ikusgarritasunik izan, baztertua izan dala eta hau guztia kontuan hartuta ultraeskuinaren gorakadea eta herrialde askotan neurri lesbofoboak hartzen dabizela.

Lesvia izan da irabazlea DOK kategorian eta bertan epaimahaiak aitamen berezia egin nahi izan deutso Joris Lachaiseren Transfariana lanari, ezinbestekoa baita pelikula hau ikustea, maisutasun handiz erakusten deuskulako FARC taldearen burruka marxista eta militarizautakoa burruka transfeministeagaz, bat eginda sistemea eraldatzeko.

FIK kategoriari jagokonez, pelikula irabazlea Levan Akin zuzendariaren Crossing izan da, Estambul zaratatsuaren erretratu bikaina egiten dauelako. Personaia guztiak alkarren artean bilatzen dabizela emoten dau, baina batez be, euren buruaren bila dagoz. Begirada zinematografikoagaitik, geureak izan daitekezan bizitza-bidaia horren aurreko enpatia arraro bat sortzen dauelako.

KRAK sailean, narratiba barriakaz lotutakoa, saria Lisa Gerig zinegilearen The Hearing, Suitza/Europaren eta errefuxiatuen arteko immigrazinoari aurre egiteko oso ondo atondutako narrazinoa dalako. Gure europar ingurunean milaka personak, kuir edo ez kuir, bizi daben drama soziala islatzen dau.

Lesvia pelikulaz gan, sari gehien jaso dauen lana Lillah Halla zuzendariaren Levante filma da, genero-aniztasuna irudikatzeagaitik eta jagoletza-sarea erdigunean jarteagaitik, eskubideen galereari erantzuteko eta faxismoak aurrera egin ez daian. Sari nagusi bi jaso ditu: Aniztasuna eta Giza Eskubideen saria (3000 euro, Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzarako eta Dibersidaderako Zuzendaritza Nagusiaren babesa dauena) eta Lesbianismo eta Generoaren Saria (1500 euro, Bilboko Udaleko Bardintasun Sailaren eskutik). Aniztasun eta Giza Eskubideen epaimahaiak be aitamen berezia emon deutso Jorge Cadenaren Flores del otro patio lanari, hizkuntza bisual indartsuagaz erakusteko sexu eta genero-disidentziek LGTBI burrukea gainditzen dabelako, jatorrizko herrien lurraldearen eta eskubideen defenseagaz lotuz.

Publikoaren saria, 1000 euro, Elsa Aloisioren Au bord de nos nuits blanches lanak eroan dau, sexu langileen eta trans emakumeen erresistentzia eta sororidade baitakarz.

Senior epaimahaiaren sari nagusia Tomas Caliren L’esquisse pelikularentzat izan da, artea komunikazino-bide unibersal lez planteetan dauelako eta aitamen berezia Jone Arriolaren Dena asmatuta dago-rentzat, gazte bi ikusten ditugulako alkarrizketa luze batean, berba perfektuaren bila alkarregaz martxan jarten dabizen bidea definiduteko.

Gazte epaimahaiak, bere aldetik, Shuli Huang zuzendariaren Dang wo wang xiang ni de shi hou lana saritu dau, bakotxa bere aldetik artelantzat hartu daitekeza irudiak eta esaldiak nahastauta narratiba bat sortzeko moduagaitik. Afioco Gnecco eta Carolina Yusteren Ciao Bambina lanari aitamen berezia emon deutse, gure ustez, historia errealista eta hurbila da, persona askok igaroten daben errealidadea azaltzen dauena eta sentiberatasun eta naturaltasun handiz tratetan dabe.

Euskal Aktoreen Batasunaren epaimahaiak Fikzinoko Film Luzeko Antzezpen Nagusirik Onena Mzia Arabuli aktoreari emon deutso, Crossing pelikulakoa, bere begiradearen boterearen bidez publikoa bere emozino guztietatik bidaiarazoteko duen gaitasun handiagatik”. Antzezpen Sekundariorik Onena Todo el silencio pelikulako Ludwika Paletarentzat izan da, “entzumen-aniztasuna dauen persona bat egiazkotasun handiz interpretetako dauen gaitasunagaitik.

ZG PRO Laborategia saria Bella Cintra eta Laurent López de Gardey lanarentzat Los Siento proiektuarentzat izango da, 1000 eurogaz, idearen originaltasuna eta freskotasunagaitik. Music Library ZG PRO Raul Villalbaren Las niñas de Canchas lanarentzat izan da, euren film luzean musika urbanoaren erabilereagatik. Eta SSIFF ZG PRO saria Daniel Alegreteren High proiektuarentzat izan da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu