Hemen da ZiNaizen ikus-entzunezko lehiaketea

Bizkaie! 2024-06-28 12:26   Zinemea

Zinean trans umeen erreferentziak sortzea izango da helburua.



Naizen eta Zinegoak alkarteek ZiNaizen ikus-entzunezko edukien lehiaketearen lehen edizinoa aurkeztu dabe gaur. Aurkezpena Zinegoakeko ZG PRO jardunaldi profesionalen barruan egin da eta prentsaurrekoan Bea Sever (Naizen), Alaitz Arenzana eta Pau Guillen (Zinegoak) izan dira.

Erakunde biek nabarmendu daben lez, ZiNaizenek trans umeei buruzko erreferentzia gehiago sortu nahi ditu. Ikuspegi barri positiboak, anitzagoak eta jatorri ezbardinetakoak. Formatua be askotarikoa izan daiteke, aretoan, ordenagailuetan zein gailu mobikorretan ikusiak izateko, hori baita gazteenek ikus-entzunezkoetara joteko daben gune nagusia.

Lanek ezingo dabe 3 minutu baino gehiago iraun eta aurkezteko epea 2025eko apirilera arte egongo da zabalik. Lanak euskeraz zein gaztelaniaz aurkeztu daitekez, bideoblog, mikrodokumental, fikzino edo animazino formatuetan. Saria 1000
eurokoa da eta irabazlea Zinegoaken 2025eko Zarratze Ekitaldian proiektauko da.

'Trans ahotsak entzun nahi ditugu eta mundua hareen begietatik ikusi. ZiNaizen programeagaz, zinemearen bidez hausnarketa, alkarrizketa eta adierazpena buztartuko dituan espazio bat sortu nahi dogu. Trans umezaroaren aurrean errespetua eta sensibilizazinoa sustatzea da asmoa. Gainera, sormena eta talentua bultzatu nahi ditugu, gai horreei modu hunkigarri eta originalean heldu deiotsen animauta.

Lehiaketan aurkeztuko diran obretan landu daitekezan gaiak honako honeek izan daitekez, besteak beste, trans personek umezaroan eta nerabezaroan izandituen esperientziak, familia, eskolea, osasuna, hartu-emonak edota aisialdian; zerbitzuak eta baliabideak (arreta medikoa, hezkuntzea edo kirola) eskuratzeko dituen oztopoak; benetako nortasuna islatzen daben legezko agiriak lortzekozailtasunak; bardintasunaren eta justiziaren aldeko burrukea...

Oinarri osoak ZiNaizeneko eta Zinegoakeko webguneetan konsultau daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu