Naia Laso skaterra Pariseko Jokoetarako sailkatu da

Bizkaie! 2024-06-21 07:58   Kirola

Gadea Mojak, barriz, ezin izan dau Budapesten finalerdietarako txartelik jaso.

Naia Laso Basque Team Fundazinoaren bekea dauen skaterra bere lehen Joko Olinpikoetarako sailkatu da, Hungariako uriburura joan eta udako hitzordu handirako parkeko modalidadean txartela ziurtatzen deutson gitxieneko puntuazinoa lortu ondoren Budapesteko aurreolinpikoan.

Naia Lasok maiatzean Shanghain jokatutako preolinpikoko aurreko probako entrenamenduetan min hartueta lepauztaia hausi eban. Ondorioz, hortik aurrera ezin izan eban txapelketan parte hartu. Lehen sailkapen-saioan bertaratu eta aurkarien aurrean erreserbarako balioko eutsen gutxieneko puntu batzuk batu zituan. Hungarian, Naiak lehenengo saioan baino ez dau parte hartu, 9,66ko puntuazinoa bereganatuz. Sailkapeneko lehen fasean eskuratutako 104.155 puntuek alde handia eskaini deutse bermeotarrari eta horri esker egongo da Parisen, aurretik lanak eginda zitualako.

Txartel olinpikoa dauela, Naiak errekuperazino prozesuagaz jarraituko dau orain Basque Team Zentroan, Parisera baldintza onenetan heltzen saiatzeko.

Bestalde, Gadea Mojak pozik amaitu dau Budapesten egindako lanagaz baina uste dau epaileek ez dituela bere trikimailuak behar besteko eskuzabaltasunez puntuau. Gadeak 37. postuan amaitu dau parkeko sailkapena. Lehen txandan 52.01eko puntuazinoa lortu dau, bigarrenean 54.63koa eta hirugarrenean 55.03koa, bere balorazinorik onena, baina ez da nahikoa izan Budapesteko aurreolinpiko honetan finalerdietara pasetako.

Gaur gizonezkoen skate parkeko koadroaren txandea izango da, Alain Kortabitarte, Egoitz Bijueska eta Peio Gonzalezegaz, Afrika Criadoren lehiaketea street modalidadean eta Teresa Fernandez-Mirandarena BMX freestyleko park modalidadean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu