Zinegoakek 'queertopiak' aldarrikatuko ditu Bilbon
2024-06-12 08:28 ZinemeaBilboko LGTBIQ+ Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia bagilaren 24tik garagarrilaren 1era izango da
Zinegoakek aurtengo jaialdi ofiziala eta nobedade nagusiak aurkeztu ditu. Bilboko LGTBIQ+ Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia bagilaren 24tik garagarrilaren 1era izango da eta beste urte batez, Bilbon hamaika jarduera atonduko ditue kultura eta sexu aniztasunagaz lotuta.
Programazinoan askotariko ekimenak egongo dira: proiekzinoak, arte eszenikoak, barriketaldiak, jardunaldi profesionalak, jaiak... Programazinoa Bilboko areto askotan gauzatuko da, besteak beste, Bilborock, Golem Alhondiga, BilbaoArte, Bira, Sarean, Arriaga Antzokia edota Guggenheim Museoa. Hamar egunez, beraz, Bilbo aldarrikapenez josita izango dogu.
Zinegoakeko zuzendari Alaitz Arenzanak 21. edizinoko arlo nagusiak azaldu ditu: aurten beren-beregi indarra egin nahi dogu gure orainak eta etorkizunak irudikatu eta eregiteko aukeran, maila kolektiboan be, ez bakarrik maila indibidualean. Horrexek dira zabaldu, eregi eta bizi nahi ditugun espazioak eta horreei guztiei Queertopiak deitzea erabagi dogu. Aurtengo kartela, Dom Campistron artista aldudetarrak egin dauena, horren isla da.
Film luzeen sail ofizialean 15 pelikula izango dira lehian, ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba barriak). Film horreek nazinoarteko hainbat herrialdetik jaso ditue, besteak beste, Nigeria, Mexiko, Txina, AEB, Grezia edota Alemaniatik. Arenzanak pelikula horreetako batzuk nabarmendu ditu: Brasilgo eremu zapalduenetako saskibaloi-talde queer baten bizipenak (Levante); Lesbos ugartean 1980ko hamarkadan sorturiko lesbiana-komunidadearen historia (Lesvia); Suitzan asilo politikoa lortzeko prozesuetan egiten diran galdeketak (The Hearing); sexu-pasinoa indartzea eta polimaitasuna (Vera y el placer de los otros); edo LGTBfobiaren salaketa eta haren kontra burrukatzeko ahalduntzea (Mavi Kimlik), horra 2024ko Zinegoaken proposamenetako batzuk.
Gainera, urtero legez, zinegile eta protagonistetako batzuk izango dira gurean, proiekzinoaren ostean barriketaldietan parte hartzeko, besteak beste, Vuslat Karan, Mavi Kimlik pelikulako zuzendarietako bat; edota Adrián Silvestre, Hágase tu voluntad dokumentalaren zuzendaria. Film laburrei jagokenez, 30 lan izango dira sail ofizialeko lehian. Bost ziklo iragarri ditue: ohikoak diran Umezaroa eta Nerabezaroa eta Emakume Zuzendariak; igazko TBIQ+ zikloa eta ziklo barri bi lehen aldiz: Queertopiak, z sheteronormatibidadetik, patriarkatutik, kolonialismotik, kapazitismotik eta planetearen luze-zabalean zabaltzen diran zapalkuntza-sistema guztietatik iges egiteko burrukan dabizenen istorioak. Bestetik, Sexilioak, euren jaioterria, familia edo ingurua ixtera behartutako personen bizipenak, bazterketa eta indarkeria sufridu dabelako euren orientazino, genero edo sexu aniztasunagaitik. Horrezaz gan, sail ofizialetik kanpo, klasikoa bihurtutako Erroak saila izango da, Euskal Herrian sortutako hainbat produkzino lanak tarteko dirala. Film laburren kasuan be, asko dira gurean egongo diran zinegileak barriketaldiak gidatzeko.
Jaialdia modu ofizialean bagilaren 24an hasiko da, Arriaga Antzokian egingo dan inaugurazino ekitaldiagaz (sarrerak antzokiaren webgunean erosi daitekez). Galea Nerea Arriolak eta Divina Comediak aurkeztuko dabe eta bertan parte-hartzaile izango dira Eddi Circa kantautorea eta Clarisa Navas zuzendari argentinarra, Ohorezko Saria jasoteko, DAMAren babesari esker.
Aldez aurretik, bagilaren 21etik 23rako astegoienean, 3, 2, 1... Zinegoak! aurre-jaialdia izango da. Barikuan Guggenheim Museoan Laura Poitrasen All the Beauty and the Bloodshed dokumentala izango da ikusgai, Nan Goldin artista eta aktibistearen ingurukoa. Hurrengo egunean, bagilaren 22an, Zinegoakek egun osoko egitaraua atonduko dau: goizean Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren Popperra, Afterra, Utopia ikuskizun musikatua, Sarean kulturgunean. Arrastiz, saio bikotza: Bilborocken Dantzertiren azken lan eszenikoaz gozetako aukera egongo da: Lopek inoanez, Sin mí, sin vos y sin Dios, Matxalen de Pedroren zuzendaritzapean.
Amaitzeko, Bira Kulturgunean, Bizi. Bisexualidadea eta euskal komunitatea proiektuaren aurkezpena izango da. Bertso-saio bat, Albina Stardusten showa eta DJ Eromenaren saioa egongo da. Azkenik, domekan Zinegoakek barriketaldia atondu dau Irantzu Varela eta aurtengo ohorezko saridun Clarisa Navasen artean, eta bere hiru lan proiektauko dira.
Proiekzinoez gan, Zinegoaken barruan arte eszenikoak be izango dira protagonista, urtero lez. Getxo Kulturaren ekinbidez, bagilaren 27an Muxikebarrin "Erreka Mari" antzezlana izango da. Javier Lararen zuzendaritzapean eta Egoitz Sanchez protagonista dauela Hans Christian Andersenen La Sirenita lanaren barriskupen librea da.
Jaialdiko azken zapatuan, Biran Plazeratu.klub kolektiboaren aurkezpena eta jaia izango dogu. Talde honek jaia espazio kritiko moduan aztertzen dau, LGTBIQ+ kolektiboaren plazerra aldarrikatzeko eta ikusgarritasuna emoteko moduan. Plazeratuk aldarrikatzen dau jaia gozetako beste praktika batzuk, burruka kolektiboak loratu eta ospatzeko espazio seguruago moduan.
Queer jaia espazio politiko moduan eta bere islada irudietan izango da, hain zuzen, ZG PRO jardunaldi profesionaletan landuko dan gaietako bat. Beste urte batez zinearen industria eta sexu-aniztasuna landuko dira jardunaldiotan. Bagilaren 27 eta 28an izango dira eta hainbat masterclass, garapen prozesuan dagozan lanak aurkeztuko dira.
Bagilaren 28an arratsaldez Zinegoakek ez dau atonduko jarduerarik, Nagilaren 28ko koordinadorak atondutako ekintzetan parte hartzeko.
Jaialdia zarratzeko ekitaldia garagarrilaren 1ean izango da Bilborocken eta bertan jakinarazoko da 21. edizinoko irabazleak nortzuk diran, tartean, Zinegoak Sari Nagusia, EITBren babesari esker. Behin jaialdia amaituta, Zinegoakek bere leiho digitala edegiko dau Filmin plataforman, sail ofizialeko hainbat lan ikusteko aukerea eskainiz.
Eta lehenengo aldiz, Zinegoakek eta EITBko Primeran plataformak lankidetzea izango dabe, kanal bat sortzeko jaialdian parte hartu daben hainbat pelikulagaz, sexu-aniztasuna lantzen daben bestelako ikus-entzunezkoakaz batera.
Bilbon egiteaz gan, beste urte batez Zinegoak Hego Euskal Herriko hamaika udalerritan be izango, izan be, 54 herrik parte hartuko dabe ZG Hedapena programan. Igaz parte hartu ez eben udalerri gehiago izango ditugu Zinegoaken parte hartzen: Plentzia, Bermeo, Markina-Xemein, Zalla, Usurbil, Urretxu, Aramaio, Berantevilla, Zigoitia, Oltza Zendea edota Bidaurreta.
Programazino osoa www.zinegoak.com webgunean konsultau daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!