Euskeraren ofizialtasuna Europako Batasunean
2024-06-07 08:17 Euskerea berbagaiEuskerearen datu terminologikoen bankuak 145 hiztegi, 130.200 fitxa terminologiko eta 495.000 termino baino gehiago eskaintzen ditu.
Europako Batasuneko Kontseiluaren bilakaeraren eta ekimenen osogarri eta hainbat hilebetez bilerak egin ondoren –2022an Irlandako gaelikoaren ofizialtasunerako erabilitako aurrebaldintzak oinarri hartuta–, Eusko Jaurlaritzeak euskerearen egungo egoereari buruzko txosten bat bialdu dau, baita eskaera formal bat be, Europar Batasunak IATE (Europarako Terminologia Interaktiboa) Euskalterm euskerearen datu terminologikoen bankuagaz lotu daian. Izapide bi horreekaz batera, karta bana bialdu jake Espainiako gobernuko hainbat agintariri eta Europako erakundeei, Europan ofizialtasun eraginkorrak eskatzen dituen konpromisoei aurre egiteko euskereak gaur egun dauen sendotasunari buruzko txosten zehatzagaz. Informazino hori Olatz Garamendi jarduneko Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Bingen Zupiria jarduneko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bialdu dabe.
Joan dan maiatzaren 10ean bialdu zan IATEn Euskalterm lotzeko eskaera formala jasoten eban lehenengo kartea. Tresna horretan euskerea sartzeak Europan euskerea termino ofizialetan erabiltea ahalbidetuko dau. Euskerearen datu terminologikoen bankuak 145 hiztegi, 130.200 fitxa terminologiko eta 495.000 termino baino gehiago eskaintzen ditu, euskerazko terminoak eta horreen baliokideak gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez batuta. Era berean, 60.000 konsulta jasoten ditu hilean, batez beste.
Bestalde, gaur bertan, euskerearen egungo egoerari buruzko txosten bat bialdu da, Euskal Autonomia Erkidegoan euskerea Europan ofiziala izateko azpiegiturak badirala, baita gaitasuna be, eta baldintzak zein eskakizunak be beteten dirala arrazoituz.
Jarduera horreek EBko Ministroen Kontseiluaren esparruan igaztik egiten dabizen pausuen eta EBko erakundeetan euskerearen, katalanaren eta galizierearen erabilereari buruz 2005ean lortutako akordioen barruan kokatzen dira. Europar Batasuneko hizkuntza araubidea aldatzeko eskaerea 2023ko irailean egin eban Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioak eta Europako Batzordeak kostuak baloretako lehen txostena egin eban. Horrezaz gan, egindako argudio eta etapak batzen dituan memorandum bat aurkeztu eban EBko Kontseiluan eta dosierrak aurrera jarraitu arren, ez dago onarpen datarik.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak batera egindako izapide horreek pausu barriak dira euskal erakundeek Europar Batasunean euskerearen ofizialtasunean jarraitu beharreko ibilbidean. Eusko Jaurlaritzearen ustez, euskerea autortzeak Europar Batasunaren etorkizunerako bidea markauko leuke, aniztasuna nortasun ikur izan behar dala ezarriz. Esangura horretan, lanean jarraituko dau euskerearen ofizialtasuna errealidade izan daiten bagilaren 9ko hauteskundeen ondoren osotuko dan Europako Parlamentu barrian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!