Zidarrezko dominea Iker Sastre mahai-teniseko jokalariarentzat
2024-03-15 07:56 KirolaBasque Teameko kirolariak eta Miguel Angel Toledok ziurtatuta dabe Pariserako txartela.
Iker Sastrek eta Miguel Angel Toledok beste pausu bat emon dabe goi mailako kirol ibilbidean. Dagoeneko diplomea eskuratu dabe Tokioko Joko Paralinpikoetako binakako lehiaketan, eta gaurko emoitzeagaz Pariseko Jokoetarako txartela lortu dabe kasik, baieztapen ofizialaren faltan. Munduko eta Europako txapeldunordeek Platja d 'Aron (Girona) jokatutako Costa Bravako Edegian, MD4 klasean zidarrezko dominea irabazi dabe. Estatuko selekzioak binaka lortu dauen domina bakarra izan da.
Bilbotarrak eta madrildarrak osotutako bikotea bigarren multzoko liderra izan zan, 3-0 (12-10, 11-6 eta 11-6) Jiri Suchanek eta Martin Zvolanek txekiarren kontra eta 3-1 (11-6, 11-4, 6-11 eta 11-6) Iranildo Conceiçao eta Guilherme Marcio brasildarren kontra irabazita. Holan, Toledo eta Sastre zuzenean sailkatu ziran finalerdietarako eta hor Soo Yong Cha hegokorearra eta Oleksandr Yezyk ukrainarra 3-2 gainditu zituen (11-8, 10-12, 11-2, 6-11 eta 11-2).
Finalean ezin izan deutse irabazi Julien Michaud eta Fabien Lamirault frantziarrei, 0-3 (3-11, 7-11 eta 4-11).
Oso pozik nago bakarka (final-laurenetara heldu da) eta binakakoan finala galdu arren, nire helburuak bete diralako. Ezin izan deutsagu amaierea emon urreagaz, txapelketa honetan igaz egin genduan lez baina pozarren gagoz. Finalerdietako partidu oso garrantzitsua izan zan guretzat Pariserako sailkapena emon deuskuelako, esan dau Sastrek.
Gaurko emoitzeari esker, 48 puntu eskuratuko ditue bikote legez (24 banaka) eta Munduko binakako txapelketako lehen eta bigarren postuei eutsiko deutse, datorren martiaren 31n egingo dan ranking bidezko azken balorazinoan abantailea handituz eta baieztapen ofizialaren faltan, sailkapena erabagita itxiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!