Bizkaiak Bizkaiko oinarriko kirolaren lana autortu dau
2024-03-12 13:22 Kirola2024ko Bizkaia Kirolak Sarien bidez.
Bizkaia Frontoian egindako Oinarriko Kirolak lurraldean egiten dauen lana saritzeko ekitaldian, Ahaldun Nagusia Elixabete Etxanobek nabarmendu dau Bizkaiko umeak babestea danoi jagokun erronkea dala: ezin gara ikusle pasibo izan arazo honen aurrean. Ausartak izan behar dogu. Bizkaiko gizarte osoak bat egitea nahitaezkoa da kirolean edade txikikoen kontrako indarkeria mueta guztiei ezetz esateko. Bizkaiko Foru Erakundeak autortu ditu Bizkaiko zenbait federazino kirolaren eremuan euskerea sustatzen egin daben lanagaitik; Bizkaia Kirolak Sarien edizio honetan, bederatzi sari emon dira hainbat kategoriatan; nabarmendu beharrekoak dira kirol-merezimendua, kirol-ibilbidea eta atontzeko gaitasuna autortzeko sariak.
Ondokoak izan dira irabazleak:
- Izar Gaztea saria: Erika Mugartegi Solozabal (euskal pelota).
- Argizagi saria: Mikel Garcia Aguirrezabal (atletismo egokitua)
- Iparrizar saria: Lidia Cañete Jaio (arku-tiroa).
- Ostadarra saria: Portugaleteko Klub Nautikoa: Ugerketa artistikoko taldea.
- Leialtasun saria: Jose Antonio Gisasola Gisasola Zelai (herri kirolak).
- Zuzentasun saria: Gentzane Ortiz Euba (Burruka eta Sambo).
- Lidergotasun saria: Unai Arroita Larrinaga (Taekwondoa).
- Kidetasun saria: Loiola Indautxu kluba.
- Ikusgarritasun saria: Wop Challenge 2023.
- Bizkaia Kirola Sarien 2024ko edizinoko ohorezko saria Ernesto Díazi emon jako, kirol-kazetaritzan egindako lan nabarmenagaitik.
Bizkaiko diputadu nagusi Elixabete Etxanobe eta Euskera, Kultura eta Kiroleko diputadu Leixuri Arrizabalaga izan dira bertan.
Sariak emoteko ekitaldian, Bizkaian oinarriko kirolaren esparruan jarduera fisikoa eta kirola bultzatu eta sustatzeagaitik nabarmendutako personen eta erakundeen garrantzia azpimarratu da. Mikel Inunziagaren, Lovaren eta Ohaiana Bartraren ikuskizunek girotu dabe galea.
Bizkaia Kirolak Sarien edizino honetan, bederatzi sari emon dira hainbat kategoriatan; nabarmendu behar da kirol-merezimendua aintzatesteko saria, izan be, horreean artean dagoz Izar Gaztea Saria, 2008. urtea baino lehen jaio eta aurreko kategorietan (absolutuaren azpian) lehiatzen diran Bizkaiko klub baten bidez federautako kirolarientzat; Argizagi Saria, kategoria absolutuan lehiatzen diran Bizkaiko klub baten bidez federautako kirolarientzat; Iparrizar Saria, kategoria absolutuaren ondorengoetan lehiatzen diran Bizkaiko klub baten bidez federautako kirolari federatuentzat, eta Ostadarra Saria, Bizkaiko klubetako talde federatuei zuzendua.
Era berean, kirol-ibilbidea autortzeko sariak emon dira, besteak beste, Leialtasun Saria; Zuzentasun Saria; Lidergotasun Saria; Kidetasun Saria; eta Ikusgarritasun Saria, 2023. urtean egin eta Bizkaiarentzat eragin handiko kirol ekitaldi bat atontzeko gaitasuna autortzekoa.
EDE, Unicef eta Bizkaia fundazinoen, Bakuvaren, Save The Children erakundearen, Ertzaintzaren, Hazten alkartearen, Athletic Cluben eta Naizen alkartearen ordezkariek Bizkaiko bederatzi sariak emon ditue.
Barritasuna izan da aurten Bizkaiko Foru Erakundeak autortu egin dituala Bizkaiko zenbait federazino kirolaren eremuan euskerea sustatzen egin daben lanagaitik eta, esangura horretan, Leixuri Arrizabalaga foru diputaduak autorpen hori emon deutse Euskal Saskibaloi, Eskubaloi, Futbol, Joko eta Kirol, Euskal Pelota, Errugbi, Surf eta Arku-tiroko federazinoei, euskerearen sustapenean egindako lanagaitik.
Danetara, 49 hautagaitza-eskaera jaso dira, eta 2024ko Bizkaia Kirolak Sariek aintzat hartzen ditue Bizkaiko kirolariek, teknikariek eta erakundeek 2023an izandako merezimenduak, bai eta lurraldean oinarriko kirola babestu daben ekitaldiak be. Saridun guztiek modu esanguratsuan lagundu dabe 2023ko ekitaldian Bizkaian kirol-jarduera fisikoa sustatzen eta zabaltzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!