Keoni Lasak eta Janire Gonzalez-Etxabarrik aurrera egin dabe
2024-02-27 09:19 KirolaPuerto Ricoko Munduko Surf Txapelketako bigarren aukerakoa edo errepeskea igarota.
Puerto Ricoko Arecibo herrian martxan dagoan World Surfing Games txapelketako hirugarren jardunaldian, El Pico eta El Rastrial olatuetan bart jarritako podiumetan errepeska edo bigarren aukerakoaren lehen eta bigarren kanporaketak jokatu behar zituen baina itsasoko baldintza eskasak dirala eta, bigarren kanporaketea bertan behera geratu da. Bertan, Kai Odriozola eta Keoni Lasa eta Janire Gonzalez-Etxabarri ibili behar ziran surfean, zarauztarrak eta zumaiarrak gaur jokatu eta errepeskako lehen kanporaketea gainditu eta Keonik eta Janirek aurrera egin dabe.
Keoni Lasari serie oso gatxa egokitu jakon txapelketa nagusiko lehen kanporaketan, izan be, Venezuela (bere nazionalidade bikotxari esker Munduko Txapelketa honetan herrialde horregaz lehiatzen da) multzo bezela sailkapen taulako beheko postuetan dago. Horrek lehen txanda horretan surflari handiakaz lehiatzea eragin eutson. Keoni errepeskan ibili zan baina gaur, El Picon, erakutsi dau gaztea izan arren, kalidadez eta boterez betetako surfalaria dala. Eguneko bere lehen olatuari 8.17 puntu emon deutse eta horrek gero lortutako 7.17koagaz batera, pasea emon deutso. Isauro Elizondo panamarra izan da bigarren (9.83) eta Suhyun Im korearra (3.63) eta Tomas Zajacek eslovakiarra (1.60) Munduko Txapelketatik at geratu dira.
Janire Gonzalez-Etxabarri be bikain ibili da El Rastrialen. Errepeskako lehen kanporaketan gipuzkoarra hobeto ibili da, belaunean dauen lesinoa gorabehera eta, beraz, gusturago geratu da gaur egindako lanagaz lehiaketako lehen egunean baino. Hartu dituan olatu bi onenek 6.87 eta 6.43ko puntuazinoak izan dira (13.30) eta lider jarri da. Postu horri eutsi deutso txandako 20 minutuetan. Pacha Luque ekuadortarra (6.70), Katrina Kruze letoniarra (2.03) eta Iryna Kostrytsya ukrainarra (1.30) gainditu ditu.
Gaur 8:00etan (Puerto Ricoko ordua) ekingo jako barriro lehiari, El Rastrialen gizonezkoen errepeskako bigarren kanporaketeagaz eta El Picon emakumezkoenagaz. Kai Odriozola eta barriro be Keoni Lasa eta Janire Gonzalez-Etxabarri izango ditugu uretan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!